Abiatzear dago Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izena emateko matrikulazio epea. Zehazki, otsailaren 7tik 23ra egongo da zabalik eta datorren ostegunean, otsailaren 8an, ateak zabalduko ditu Beasaingo Andramendi Ikastolak bere hezkuntza proiektua eta instalazioak ezagutu nahi dituenarentzat. Bisitaldia 17.00etan izango da eta aukera paregabea izango da ikastolak martxan dituen proiektuak eta irakasleekin hitz egiteko. Horrez gain, egun horretan bertan aurkezpen bilerak egingo dira: 16.00etan euskaraz eta 18.00etan gazteleraz

Zero urtetik 16 urtera (Haur Eskola, HH, LH eta DBH) bitarteko ikasleak hezten dituen ikastola bakarra da Beasainen

Bestalde, bakarkako bilerak egiteko aukera ere luzatuko du ikastolak, gurasoek kezka eta zalantza pertsonalak aurrez aurre argitzeko aukera izan dezaten. Bakarkako bilerak eskatzeko beasain@ikastola.eus emailera idatzi behar da. 

Zerotik 16 urtera

Andramendi zero urtetik 16 urtera bitarteko ikasleak hezten dituen ikastola bakarra da Beasainen (Haur Eskola, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ) eta herri onurako kooperatiba bat izanda, familien eta ikastolako langileen arteko elkarlana du oinarri. 2023-24 ikasturtean, Haur Eskolatik DBHra bitarteko 354 ikasle eta 38 langile ditu.

Euskararen eta euskaltzaleen arnasgune izatea da bere funtsa, ikasleak herrian txertatuz eta euskal kultura bultzatuz; hori bai, ikasle bakoitzaren berezko ezaugarriak indarrean jarriz.  

"Gure ikastola gainalde batean dago kokatuta, Urbialde plazan, eta horrek aukera paregabeak eskaintzen ditu naturarekin zein herritarrekin ikasleek dituzten hartu emanak lantzeko"

Bestalde, jangela propioa eta ekologikoa dauka, eta Goierriko herrietatik ikastolara doazen ikasleek garraioa doan dute. 

DEI metodologia

Beasaingo Ikastolak ikasle bakoitzari egokitutako hezkuntza eskaintzea du helburu, eta horri jarraiki, Denei Erakusteko Ibilbideak (DEI) izeneko metodologia garatu du. Norberaren gaitasun eta indar-guneetatik abiatuz, eta zailtasunak kontuan hartuz, denok elkarrekin ikasteko bideak zabaltzen ditu DEIk, aniztasunaren erpin guztiak aintzat hartuz. 

Espazio zabalak 

Ikastola espazio zabala da eta inguruan dituen espazioak ere hezkuntza prozesuan baliatzen ditu, bai naturarekiko harremana ahalbidetzeko, bai herriarekiko lotura sendotzeko. “Askok uste du haurraren espazioa gela dela bakarrik, baina Beasaingo Ikastolan garrantzi handia ematen diegu kanpoan ditugun espazioei. Izan ere, gure ikastola gainalde batean dago kokatuta, Urbialde plazan, eta horrek eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzea funtsezkoa da, bai eraikin batetik bestera joatean, bai baratzera igotzean, edota herrira jaistean... Horiek denak aukera paregabeak dira naturarekin zein herritarrekin ikasleek dituzten hartu emanak lantzeko. Ikasteko prozesuan urratsak ematen laguntzen digu”, azaldu dute ikastolako arduradunek.

Info + 

ANDRAMENDI BEASAINGO IKASTOLA

Matrikula: otsailak 7tik 23ra

Ateak zabalik: otsailak 8, 17.00etan

Bakarkako bilerak: beasain@ikastola.eus

Helbidea: Urbialde 2, Beasain. 

Telefonoa: 943 88 96 17

www.beasaingoikastola.eus