Síguenos en redes sociales:

Huhezinemak Arkupe hartuko du gaurtik ostirala bitartean

-Huhezinema euskal film laburren jaialdiak ohiko formatua berreskuratuko du, Aretxabaletako Arkupeko pantaila handira itzuliz. Iban del Campo irakasleak gidatuta, MUko Ikus-entzunezkoen Fakultateko 16 ikaslek osatzen dute jaialdiaren 15. edizioa antolatu duen taldea. Hasteko, gaur, Nor ari da grabatzen? film laburraren premierra izango da Zaraia aretoan (15.00). Herriko plazan efektu berezien eta karakterizazioaren inguruko tailerra ere egingo dute, 15.30etik aurrera.

Bihar, aldiz, El Hoyo eta Akelarre filmetako soinu banden sortzaile den Aranzazu Callejak hitzaldia eskainiko du (11.00etan). 15.00etatik 17.30era, MU saileko filmak proiektatuko dituzte eta honi jarraituz, Bideoklip saileko lan hautatuak. Ostiralean, Sail Ofizialera aurkeztutako hamar film laburren txanda izango da, 15.00etatik 18.30era. Sari banaketa 19.00etan hasiko da.