- Hilekoarentzako kopak banatuko dira Lezoko Emakume taldearen ekimenari esker eta Berdintasun sailaren, Gizarte Zerbitzuen eta osasun zentroaren laguntzarekin. Banatzeko orduak hauek dira: bihar 17.00etatik 19.00etara eta hilaren 23an, igandean, 11.00etatik 13.00etara. Banaketa Gurutze Santuaren plazan egingo da, baina euria egingo balu, Saldisera lekualdatuko litzateke.

Ekimenarekin kopa menstrualen erabilera sustatu nahi da ohiko tanpoiak eta konpresak baino osasungarriagoak, ekonomikoagoak (epe luzera begira) eta ekologikoagoak direlako. Kopak silikonaz eginak daude, urte batzuk irauten dute eta erabilera bakarrekoak diren tanpoiak eta konpresak ez bezala, ez dituzte berrerabili ezin daitezkeen eta birziklatu ezin diren hondakinak sortzen.

Gainera, alternatiba hori erabiliz emakumeen ahalduntzea susta-tzen da: norbere gorputzaren eta bizitza zikloen ezagutza eta erabakiak hartzeko gaitasuna, besteak beste.

"Hori guztia dela eta, Leona Chalmers AEBetako idazle, aktore eta asmatzaileak joan den mendeko 30eko hamarkadan patentatutako kopa, alternatiba paregabea bilakatzen ari da emakumeen osasun menstrualerako", adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.

Bestalde, Lezoko hezkidetza mahaia osatzen duten eragileek (Berdintasun saila, osasun zentroa, Lezo institutua, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo lizeoa, Herri Eskola, Haurtxokoa eta kale hezitzaileak) herriko emakumeei buruzko argazki erakusketa antolatu nahi dute, Martxoaren 8aren harira.

Hori dela eta, emakumeak azaltzen diren garai bateko zein gaur egungo argazkiak udaletxean aurkezteko deia egin dute otsailaren 14a arte, paperean, eskaneatuta edo online (https://udala.lezo.eus/martxoak-8).