Síguenos en redes sociales:

Urretxu | Iparragirreren emazteak ere bere erraldoia du

Urretxu | Iparragirreren emazteak ere bere erraldoia du

- Iparragirre 2020 egitasmoaren barne, Anjela Kerexetaren (Joxe Mari Iparragirreren emaztearen) erraldoia egin dute Urretxuko Udalak eta Lekaiok. Koronabirusa dela eta, ezin izan dute aurkeztu oraindik. Izan ere, ekitaldi publiko batean aurkeztu nahi dute, jendea elkartzeko aukera dagoenean.

Oraindik aurkezterik izan ez badute ere, asteartean kalera atera zuten lehenengoz. Izan ere, Herri txiki, infernu handi telebista saiokoak Urretxura etorri ziren eta, besteak beste, buruhandi eta erraldoien konpartsakoekin elkartu ziren. Iparragirreren erraldoia bakarrik ateratzea, Anjelarena bukatuta egonda, gaizki iruditu zitzaien.

Anjelaren erraldoia egitea Udalak eta Lekaiok proposatu zuten, Iparragirre 2020ko parte-hartze prozesuaren barne. Helburua Anjelaren eta XIX. mendeko emakumeen ekarpenari balioa ematea da. Erraldoia egiteko Anjelaren argazki batean oinarritu dira. Erraldoia Mikel Ibarzabalek egin du eta arropa Lurra dantza taldearen jantziak egiten dituen Ramon Garciak.

Bizitza errealean, Iparragirre Euskal Herrira itzuli zen, emaztea eta seme-alabak Uruguain utzita. Ez zuen berriro beraiekin elkar-tzeko aukerarik izan. Iparragirre erraldoiak, berriz, emaztearekin elkartzea lortu du. 25 urte kostatu zaio. Izan ere, Iparragirreren erraldoia 1996an egin zuten.