Lezoko herria Mendekoste jaietan murgildurik dago asteburuan. Festak ostiralean Zabarre pirataren eta Maria Labaienen etorrerarekin eta pirata txikien pregoiarekin hasi ziren eta igande gauean zezen suzkoarekin eta Tomas Garbizu Lezoko Udalaren musika eskolako bandaren emanaldiarekin Gurutze Santuaren plazan amaituko dira. Bien bitartean, gazte zein helduentzako 30 ekitaldi inguru antolatu dira.
Hiru egun hauetan pirata giroa nagusi da herrian. Kaxkoan herriko haurrek Zabarreri eskaini dizkioten marrazkiak ipini dituzte eta bertako etxeak pirata banderekin eta itsasoko soka zein sareekin apainduta daude.
Zabarreren ipuina
Zabarre Joseba Aurkenerena idazleak Lezoko ipuin inoizkoak liburuan asmatutako fikziozko pertsonaia da. Ondoren, Lezoko Zabarre Gazte Taldeak bere egin eta herriko jaietan txertatu zuen pertsonai hau. Zabarre pertsonaiaren benetazko izena Joxe Zabala da eta itsas-lapur bat da.
Ipuinak dioenez, Zabarrek itsasoan denbora luze pasatutako batean, etxerako bueltan Perutxo, Lazon erregearen ordezkaria, eta soldaduak bera atxilotzeko zain zeuzkan. Gainera, Maria Labaien sagardogilearen sagardo guztia konfiskatu zuten eta erabaki honek herritarren haserrea piztu zuen. Perutxo eta soldaduekin izandako borrokaldi baten ondoren Zabarrek ihes egiterik izan zuen.
Azken pasarte hau da festen hasieran antzezten den atala eta familia ugari biltzen dira pirataz jantzita Zabarre laguntzeko.
Zabarreren etorreraz gain, aipatzekoak diren beste ekitaldi batzuk ere jasotzen dira egitarauan: larunbateko Andoni Ollokiegiren kontzertua, disko-festa eta Zilibito Records eta Alarma Morea taldeen kontzertua edo igandeko gazte sortzaileen azoka eta altxorraren bila.
Euskal Jaiak
Festa giroa, ordea, ez da mendekosteen bukaerarekin amaituko. Datorren astean, ekainaren 14ean, Euskal Jaiak ospatuko dira. Festetatik kanpo, baina aurten jarraian izango direnez, egitaraua jadanik plazaratu dute.
Egun guztian zehar ekitaldiak antolatu dituzte, dianarekin abiatuta musikaz eta dantzaz betetako goiza izango da, 12.00etan Iparraldeko Herri Kirolak izango dira eta ondoren, herri bazkaria Lezo Herri Eskolako patioan. Arratsaldea giza-probarekin hasi eta Sagardo Festarekin amaituko da.