Landa eremuan, Aginagan, bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetu eta zaintza sareak sustatuko dituen proiektu pilotu bat jarriko da martxan. Proiektuaren nondik norakoak aginagarrei azaltzeko deialdia egin da: ekainaren 11n, asteazkenean, izango da, 18.00etan, Eliza Zaharrean.

Usurbilgo Udalak eta Zabalduz kooperatibak elkarrekin abiatutako proiektuak 65 urtetik gora izan eta bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen aginagarren zaintza hobetu eta beren komunitatearekin lotzea da egitasmoaren helburua.

Landa eremuetako bizitzak erronka konplexuak ditu aurrez aurre: biztanleriaren galera eta zahartzeaz gain, zailagoa dute hurbileko zerbitzuetarako irisgarritasuna, eta hauskortasun egoerak prebenitzeko estrategiak ahulak dira.

Bakardadea eta zaintza sareak

Usurbil herri zaintzailea izateko lanean ari da Udala, eta norabide horretan sustatuko du proiektu pilotu hori ere. 65 urtetik gorako aginagarrak elkarrizketatu nahi dituzte, euren egoera ezagutzeko: ekainaren 11ko aurkezpenaz gain, gutun bana bidaliko zaie etxera, proiektuaren berri eman eta parte hartzera gonbidatzeko.

Bi lan-ildo izango ditu proiektuak. Batetik, bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen pertsonentzako plan pertsonalizatuak egingo dituzte, euren ongizatea eta gizarteratzea bultzatzeko, bakardadeak pertsonengan sortzen duen narriadura atzeratzea helburu. Bestetik, sentsibilizazioan eta aktibazioan oinarrituko den lanketa komunitarioa egingo da: zaintza sare komunitarioak indartzea izango da helburua, eta zenbait kasutan, berriak sortzea.

Udala Zabalduz kooperatibarekin batera ari da proiektua garatzen: kooperatibako bi kide ari dira lanean. Izatez, zenbait hilabete daramate lanean: bakardade egoera ez-hautatuaren inguruko galdetegia osatu zuten, eta herriko hainbat eragilerekin elkarrizketak izan dituzte. Zehazki, 110 lagunen ekarpenak jaso zituzten galdetegien bidez, eta ia 50 elkarrizketa egin zituzten: diagnostiko horren emaitzak irailean aurkeztea aurreikusten da. Orain, adineko aginagarrengana gerturatu eta horiek ezagutzea izango da hurrengo urratsa.

Transis Lab

Aginagan martxan jarriko den egitasmoa Transis Lab mugaz gaindiko proiektuaren barruan dago, zeina Interreg Poctefa Europako programak babestu eta Europako funtsekin finantzaturik dagoen. Horren helburua, hain zuzen ere, koordinazio soziosanitarioa hobetzea da, hauskortasun egoeran dauden landa eremuko adineko pertsonen zainketa hobetu eta beren komunitateekin konektatzearekin batera.

Sei esperientzia pilotu jarriko dira abian lurralde ezberdinetan, Pirinio Atlantiko eta Garaietan, Nafarroan eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; Aginagakoa Eusko Jaurlaritzak sustatu du.

Arreta eta zaintza eredu publiko-komunitario berritzaile bat sortzea da proiektuaren helburua, adinekoen beharrei modu eraginkor eta iraunkorrean erantzungo diena, ingurune bakoitzera egokitutako zerbitzu eta teknologia publikoen garapena sustatuz, gizarte-sarea indartuz eta adinekoen bizi-kalitatea hobetuz. Betiere, ikuspegi komunitario, prebentibo, parte-hartzaile, hurbil eta pertsonalizatuarekin.