- Haurrei zuzendutako sormen lehiaketa jarri zen abian Idiazabalen gabon giroaren bueltan, baita herriko balkoiak apaintzeko deialdia ere. Atzo goizean banatu ziren sari guztiak, eta esker oneko hitzak ere eskaini zituen Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkateak, aipamen berezia eskainiz Aita Iparragirre Herri Eskolaren eta Guraso Elkartearen lankidetzari, izan ere, Gabon berezi hauei kutsu berezia ematen lagundu dute.

Gauzak horrela, adinaren araberako hiru kategoria sortu dira. A mailan Unai Larrea, Ane Garmendia eta Ekhi Lopezen lanak izan dira sarituak. B mailan, berriz, Khalid Aurouch, Oihan Remiro eta Kizki-tza Garciak egindakoak, eta azkenik, C kategorian Laia Lizarralde eta Sua Murua; Noa Artola, Maddi Aranburu eta Irati Albisu; eta Larraitz Aldasorok osatutako taldeek jaso dute saria. Sormen lehiaketa honetan denetatik ikusteko aukera izan da, bai postalak, marrazkiak eta bertsoak. Udaletxeko areto nagusian bertan aurkeztu diren lan guztien erakusketa jarri da, herritarrek lanak nolakoak diren ikusi ahal izateko. Maila ederra erakutsi dute guztiek, eta azkenean zozketa bidez erabaki da sarituen zerrenda.

Garai hauetara egokitzeko eta giro berezia jartzeko balkoiak apaintzeko deialdiak erantzun ona izan du. Guztira, hamabost pertsonak eman zuten izena ekimen honetan, eta epaimahaiak hainbat kontu neurtu ditu irabazleak erabakitzerako orduan, hala nola, originaltasuna, zein material erabili diren balkoiak apaintzeko eta azken emaitza nolakoa izan den. Kasu honetan, Irati Arreserentzat izan da lehen saria, Irati Dorronsororentzat bigarrena eta Xabin Unanuek apaindutako balkoiak jaso du hirugarren saria.

Aurtengo Gabonetako sorkuntza lehiaketan sarituak izan direnek eta balkoi ederrenak jarri dituztenek erosketa-bonuak eskuratu dituzte, eta urtarrilaren amaiera arte izango dute epea herriko dendetan gastatzeko.