Síguenos en redes sociales:

"Haurrek gehien eskatu diguten erraldoia izan da"

"Haurrek gehien eskatu diguten erraldoia izan da"

- Zarauzko haurrek "gehien maite duten" erraldoitxoa eskuratu ahalko dute. Izan ere, Zarauzko Udalak, Ruben Platero egilearekin batera, Pepe Txabilloren panpina aurkeztu dute. Duela bi urte, Zarauzko Udalak herriko erraldoien gomazko erreplikak atera zituen; gizonezko arpoilariarena eta emakumezko baserritarraren panpinak egin zituzten. Orain, hirugarren hau atera dute. "Zarautzen pertsona ezagun bat izan da eta bizitza guztian erraldoiekin lanean ibili denez, haurrek gehien eskatu diguten erraldoia izan da", azaldu zuen Xabier Txurruka alkateak, aurkezpenean.

2018. urtean aurkeztu zuten, San Pelaio jaietan, bere omenez egindako erraldoia eta ordutik lanean ibili dira haurrek tamaina txikian izan dezaten. Bi urteren ondoren emaitza eskuartean dute. Turismo bulegoan erosi daitezke hamairu euroan, eta guztira, 500 ale egin dituzte. Plateroren webgunean (gigantesplatero.com) ere eskuratu daiteke.

Ruben Platero egilearen esanetan, "ohore bat izan da zarauztarrentzat hain garrantzitsua izan den pertsona irudikatzea". Txabilloren erraldoian oinarritu da ekoizlea lana egiterako orduan. Hala, koloreak errespetatu ditu eta baita zapia ere.

Lortutako emaitzarekin "oso gustora" agertu zen alkatea aurkezpen ekitaldian eta egileari eskerrak eman nahi izan zizkion Zarauzko herriari emandako "opariagatik".

Zarauzko umeek ezin izango dute aurtengo jaietan Txabillo erraldoia kaleetan ikusi, egoera tarteko, ezin baita horrelako ekitaldirik egin. Horren ordez, etxean edukiko dute presente. Modu batean, "omenaldi" gisa plazaratu nahi izan du Udalak pieza berezi hau, pasa den otsailean zendu baitzen Pepe Txabillo, 89 urte zituela.