hulenei indar handiagoz jo ohi izan die krisiak eta euskararen kasuan ere hori antzeman du Zumaiako Udalak; hezkuntzarekiko harremana galdu dute askok. "Eguneroko bizimoduan, eskolan, lagun artean eta aisialdiko jardueretan euskaraz bizitzeko aukera dute haurrek eta horrela, poliki-poliki, kasu askotan ia oharkabean, gure hizkuntzaren jabe egiten dira", azaldu dute Euskara sailetik.

Egungo egoerak, ordea, hankaz gora utzi du gizartea eta zenbait haur euskararekin ia inolako harremanik gabe daramate martxoaren erdialdetik.

Egoera luzatu daitekeela aurreikusita eta adin ezberdinetako ume zein gazteak aurten eskolara itzultzeko izango duten zailtasunaren aurrean, Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak boluntarioen bidez gauzatuko litzatekeen ekimena jarri nahi du martxan, EBETE euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza zerbitzuarekin elkarlanean.

Ekimena, "sei eta hamabi urte bitarteko haurrei euskara errefor-tzua eskaintzean datza". Hala, bideo-deien bitartez, euskararen erabilera sustatu nahi dute.

Proiektu hau aurrera eramateko, ordea, boluntarioak behar ditu Udalak. Zumaiako Euskara sailetik zehaztu dutenez, "astean bi aldiz 45 minutuko saio bat gidatzea" izango litzateke eginbehar bakarra.

Saioak bost asteetan zehar luzatuko dira eta denbora horretan, online elkarrizketa bat eduki beharko dute haurrekin, horiek "euskara entzun eta hitz egiteko aukera izan dezaten".

Boluntarioek EBETE plataforma izango dute bidelagun. Izan ere, prestakuntza saio txiki bat eskainiko zaie, eta "aurkezpenetarako gidak, elkarrizketetarako gaiak zein ahoz egiteko hizkuntza jolasak eta materiala emango dizkiete".

Izena eman nahi duenak https://labur.eus/ZumaiaEuskaraz helbidera jo beharko du.

Euskaraz ari-tzeko ekimenaz gain, aisialdirako tartea ere izango dute Zumaiako haur eta nerabeek. Estalapea zumaiarren topaleku eta kultur-ekitaldien zein bestelako jardueren aterpean, haurrei zuzendutako eskaintza berezia sortu dute. Ludotekako lagunek etxean egiteko proposamenak egingo dituzte, astean zehar egunero, arratsaldeko 17.00etan. Bestalde, haurrek beraien lagunak, gelakideak, aitona-amonak, lehengusu-lehengusinak... agurtzeko aukera eskainiko dutela jakinarazi dute. Zerbitzu horrekin kontaktuan jartzeko ludoteka@zumaia.eus helbidera idatzi beharko da edo 669 762 222 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidali.