- Udaletik jakinarazi dutenez, ekimen horretan "adin txikiko guztiek" har dezakete parte. Hori bai, erakusketarako marrazkien gaia COVID-19ak eragindako konfinamendua izan behar du.
Eibarko Udalak koronabirusaren ondorioz etxean geratzeko ezarritako agindua betetzen ari diren haurren marrazkiak eta irudiak jasotzeari ekin dio eta bildutako lan guztiekin erakusketa digitala antolatu du.
Ume bakoitzak egoki ikusten duen teknika edota koloreak erabili ditzake bere lana egiteko eta hauek haurreria@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira (png, jpg edo tiff formatoekin).
Bestalde, marrazkiak konfinamendua irauten duen bitartean aurkeztu ahalko dira eta horietako bakoitzaren goikaldean egilearen izena (abizenik gabe), eta adina agertu behar dira.
Momentuz, umeek bidalitako marrazkiak Udaleko Haurreria eta Gazteria sailaren sare sozialetan argitaratuko dira baina etxeko konfinamendua amaitzerakoan Udalak erakusketa fisikoa prestatuko du jasotako lan guztiekin.
Udala arduratuko da erakusketa fisiko horretarako marrazkiak inprimatzeaz eta datak eta tokia www.eibar.eus webgunearen bidez emango ditu ezagutzera.
Eibarko Udalak herriko adin txikiko guztiak animatu nahi ditu alarma egoera honetan etxean egindako marrazkiari argazki bat atera eta haurreria@gmail.com helbidera bidaltzera. Lanak bidaltzerakoan "erakusketaren baldintzak onartzen dira eta bere webgune eta sare sozialetan argitaratzeko baimena" ematen zaio Udalari.