- Eibarko Udalak 1985eko apirilaren 1ean sortu zuen Udal Euskaltegia, HABEren euskaltegi publikoen sarearen barruan. Hori dela eta, gaur egun Portalea kultur etxean kokatuta dagoen Udal Euskaltegiak bere sorreraren 35 urte bete ditu hilaren hasieran, baina koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz ezin izan du urteurrena behar bezala ospatu.
Edonola ere, Udalak Eibarko Udal Euskaltegiaren 35. urteurrena aprobetxatu du ekipamendu horrek izan duen orain arteko ibilbidea gogorarazteko.
Hauxe ez da batere erraza izan baina, hala eta guztiz ere, 8.000 ikasletik gora pasa dira azken 35 urte hauetan Udal Euskaltegitik: ama-hizkuntza hobetzeko; formazioa osatzeko; administrazioak eskatzen dituen perfilak akreditatzeko edota seme-alabei euskalduntzeko bidean lagundu ahal izateko.
Udal Euskaltegia Portaleako instalakuntzetan kokatuta dago 1996. urtetik baina horren aurretik beste hiru kokapen ezberdin ezagutu zituen. Hasiera batean, Armeria Eskolako gela batzuetan eman zituen lehen eskolak baina bertan hilabete gutxi batzuk egon zen.
Izan ere, 1985ko udazkenean Txantxa Zelaiko Frontoi Zaharreko eskoletara pasatu zen euskaltegia eta 1991tik 1996ra bitartean Casa del Pueblon jardun zuen lanean.
Duela 35 urte bi irakaslek eta administrariak osatu zuten Udal Euskaltegiaren lan-taldea, baina 1985-86 ikasturtea indartsu hasi zuten sei irakaslek eta administrariak osatutako plantila berriarekin. Urte gutxitan ikasleen demandari erantzun ahal izateko 13 irakasleko klaustro finkoa osatu zen.
Bestalde, 1993an, Administrazioetan barne erabilera planak martxan jarri zirenean, hainbat irakasle Udaleko Euskara Zerbitzura pasatu ziren, teknikari, trebatzaile eta normalizatzaile lanak egitera.