Errenteria - Lanbide Heziketa euskaraz ikasten duten ikasleek lantokiko praktikak ere euskaraz egin ahal izateko egitasmoa gauzatzen da urtero Oarsoaldean. Atzo eskualdeko Udaletako, Don Bosco ikastetxeko eta Pasaiako Blas de Lezo Itsas Eskolako ordezkariek eta ikasle batek proiektu honen ibilbidea gogorazi zuten.

Egitasmoa bost enpresarekin hasi zen eta iaz 21 izan ziren parte hartu zuten enpresak. Urtero enpresa pare bat egitasmoan sartzeko ahalegina egiten dute arduradunek. Egitasmoa abian jarri zenetik 200 ikasletik gora izan dira praktikak euskaraz egin dituztenak.

Gogorazi zutenez, gainerako eskualdeetan bezala, poliki bada ere, D eredua eta B eredua hazten ari dira Oarsoaldeko Lanbide Heziketako bi ikastetxeetan ere. Don Boscon esaterako, bi eskaintzak parekatzera iritsi dira dagoeneko, adierazi zuen Carlos Lizarbe zuzendariak.

"Oraindik ordea, bada hutsune bat eskaintzari dagokionez, hizkuntzari begiratzen badiogu, behintzat. Lantokiko praktikak nagusiki gaztelaniaz egiten dituzte ikasleek, baita D eredukoek ere. Praktiken arauetan hizkuntza irizpiderik ez dagoelako, besteak beste", onartu zuten.

Itziar Ostolazak, Errenteriako zinegotziak, aditzera eman zuenez, "hori zuzendu nahian, Oarsoaldeko Udalek, eskualdeko Euskara Batzordearen bitartez, eta Don Bosco ikastetxeak esperientzia pilotu bat gauzatu zuten 2009-2010 ikasturtean Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz".

Esperientzia pilotu hari esker, praktikak euskaraz egiteko oinarri-oinarriko baldintzak zehaztu zituzten: instruktorea euskalduna izatea ezinbestekoa da, ikasleari harrera ahoz eta idatziz euskaraz egiteko bideak jartzea, ikaslea mugituko deneko enpresa atalean errotulazioa euskaraz ere egotea, eta azkenik, ikasleak eguneroko lanean erabili beharko duen dokumentazioa eta idatziak euskaraz egotea.

Rubén Crespo ikasleak egitasmo honetan parte hartu zuen eta bere balorazioa oso positiboa izan da: "Praktikak euskaraz egiteko iazko esperientzia niretzat oso baliagarria izan zen. Egia esateko, lasaitasuna eman zidan ohituta bainago euskarazko terminologiara eta hitz teknikoetara eta beldurra nuen lantegira joan eta deus ez ulertzea".