zumarraga - 2020ko arte eszeniko programa aurkeztu dute Urretxu eta Zumarragako udalek. Hamar emanaldi egongo dira. Guztiak Zelai Arizti aretoan izango dira, 22.30ean. Lehenengoa otsailaren 7an izango da: Atx konpainiak Zazpiak bat, gaiztoetan gaiztoenak lana antzeztuko du.

Lan hau gizakiaren gaiztakeriari buruzkoa da. Gure kulturako zazpi bekatu kapitalak dituen gizaki bat sortuko dute: groteskoa, basatia, gupidagabea... Komedia, satira eta sarkasmoaren bidez guztiok alfonbra azpian ezkutatzen ditugunak agerian jarriko dituzte.

Martxoaren 6an Riki Lopezek Ya tengo una edad ikuskizuna egingo du. Humoregile eta musikari honek bikotea bilatzeari uko egin dio eta maitasun arloan izan dituen esperientzien berri emango du.

Apirilaren 3an kontzertu bat egongo da: Juan Mari Beltran, Errege Belda, Ixiar Jauregi eta Andoni Salamerok Hots larretan ikuskizuna egingo dute.

Maiatzaren 8an Albacity Corporation konpainiak Lazarillo de Tormes lana eskainiko du. Antonio Campos aktoreak Jose Luis Monton gitarra-jotzailearen laguntzarekin lan egingo du.

Ekainean, bi emanaldi Ekainean bi antzerki emanaldi egongo dira. 5ean Vaiven taldeak Argiaren hautsa lana antzeztuko du. Protagonistak zahar etxe batean bizi dira: Manuel zakarra eta isila da eta Milagros alaia. Milagrosek Manuelen bizitza argituko du eta beldurrei aurre egiten lagunduko dio. Ekainaren 26an Baserri danza dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Uztailean eta abuztuan, urtero bezala, ez da antzerki saiorik egongo. Irailaren 4an Tenemos Gato konpainiak Felicidad lana antzeztuko du. Antzezlan hau helduaroan zoriontsu izateko egiten diren ahaleginei buruzkoa da.

Urriaren 2an Txalo konpainiak Galtzaileak lana antzeztuko du. Protagonistak Manuel eta Sandra dira. Ia 40 urte dituzte eta ez dute gizarteak markatutako baldintzetako bat bera ere betetzen: ez dute seme-alabarik, ez dute bikoterik, ez dute etxebizitza bat erosteko aukerarik... Goibel antzean bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Izan ere, bizipozak ez du zerikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen baldintzekin.

Azaroaren 6an Elisa y Marcela antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da. 1901ean, A Coruñan, bi emakume elkarrekin ezkondu ziren. Bietako bat gizonez jantzita ezkondu zen. A Panadaria taldeko aktoreek komedia musikala prestatu dute, gertakari hartan oinarrituta.

Bukatzeko, abenduaren 4an Tartean antzerki taldeak Simplicissimus Kabaret lana antzeztuko du. Grunbaum, Fink eta Gerron XX. mendeko berlindar kabareteko komiko ospetsuak izan ziren. Larrutik ordaindu zuten botereari iseka egiteko ausardia. Mende baten ondoren, berriro elkartu dira dakitena egiten jarraitzeko: jendea dibertitzeko eta kontzientziak suspertzeko.

Urteroko moduan, bonoak salgai jarriko dira ikuskizun guztiez gozatu nahi dutenentzat. Bono orokorrak 70 euro balio du eta euskarazko saioetarako bonoak 35 euro. 2019ko bonoa mantendu nahi dutenek urtarrilaren 14an Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute (goizez edo arratsaldez). Bonoa aldatu nahi dutenek urtarrilaren 16an jo behar dute kultur etxera (goizez edo arratsaldez). Lehenengoz bonoa erosi nahi dutenak urtarrilaren 18an joan behar dira kultur etxera (goizez bakarrik).