zumaia Olagarroak eta Zumaiak beti izan dute lotura berezia. Betidanik harrapatu eta sukaldatu duten jakia da, baina orain festa bihurtu dute. A zer nolako festa, gainera. Eguraldiak ez zuen kalerik egin atzo eta zumaiarrek euren egunik esanguratsuena giro ederrean ospatzeko aukera izan zuten. Olarro Eguneko ohiturei jarraituz, kolore granateko zapi eta kamisetak soinean, herritarrek goizean goizetik ekin zioten festari. Urolako itsasadarrean, XIII. Olarro Eguneko banderaren lehiaketa ospatu zuten, motorrak berotzen joateko. "Ederra da batel estropadar gerturatzea, kuadrilen arteko pike polita sortzen delako bertan", zioen gazte batek lagunen zain zegoen bitartean. "Niri esaterako olagarroa ez zait gehiegi gustatzen baina gaurko egunean festaz goza-tzeko badira beste hainbat aukera", gehitu zuen.

Izan ere, 650 kilo olagarro sukaldatu ziren atzo Zumaian. Egun osoan zehar brotxeta moduan saldu zuten, eta herri bazkarira joan ziren 600 lagunek, egosita patatekin eta paellan ere jan zuten. Aurretik zopa eginda ere dastatzeko aukera izan zuten baina azken honekin guztiak ez datoz bat: "Usainak atzera egiten die askoei, baina zaporea ederra da", zioten batzuk. "Zoparen usaina ez bada ona ez dakite askok zer zen garai batean Zumaiako balkoi guztiak olagarro ustelez ikustea, hura bai zela usain txarra", zioen beste batek.

Eguneko protagonista olagarroa den arren, "mila ekintza daude egun honetaz gozatzeko Zumaian", zioen herritar batek. Izan ere, horixe da Olarro Egunaren arrakastaren giltza, herriko eragileen parte-har-tzea. Batzuk janariaz arduratzen diren bitartean, besteak beste hainbat ekintza antolatzen dituzte eta guzti horren ondorioa da halako festa borobil bat.