Errenteria - Orereta ikastolako 2019-20 ikasturteko berrikuntza nagusienetakoa Esmalteriako Haur Hezkuntzako eraikin eraberritua izango da. Aste honetan eman du erabat inauguratutzat ikasturtea Esmalteria Berriko eraikineko lanak bukatu eta Haur Hezkuntzako eta Haur Eskolakoak hasi direnean.
“Haurren behar, sen eta erritmotik egiten da lan ikastolan, konfiantzaren eta integrazioaren pedagogia oinarri eta beste zenbait korronte ere kontuan hartuta”, azaldu dute Orereta ikastolatik. “Hezkuntza-proiektua integrala izan zedin espazioek ere horri erantzun behar ziotela sinetsita, erronkari heldu zitzaion irakasle eta gurasoen artean orain ikasturte batzuk”, gaineratu dute. Elkarlan horren fruitua da jaio berri den Esmalteria Berria.
Gainera, aurten lehenengoz, etxeko otorduak izango dituzte jangelan geratzen diren ikasle guztiek. Izan ere, Añabitarteko jangelan ez ezik, Esmalteria zein Linoko eraikinetan ere ikastolako sukaldean prestatutako otorduak jango dira. Janaria prestatu eta garraiatzeko inbertsioak egin eta sukaldeko lantaldea indartu dira horri behar bezala erantzun ahal izateko.
“Horrez gain, elikagaiei beraiei zein menuei arreta handiagoa jarri eta otordu-garaiak ere proiektu pedagogikoan integratzeko aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu”, adierazi dute Orereta ikastolako arduradunek. Horren baitan ekin diote, besteak beste, Zituene herriko pasta-lantegi ekologiko eta artisauarekin elkarlanari.
Azkenik, datozen asteetan desfibriladoreak ipiniko dira ikastolako eraikin guztietan, bost guztira. - A.M.