beasain - Maiatzaren amaieran hasiko dituzte aurten Beasainen Loinatz jaiak. Ohi baino beranduago helduko dira herriko festak, baina, hala ere, antolakuntza dagoeneko lanean hasia da guztia prest izateko Loinatzetarako.

Mozorro eguna jendartean gehien gustatzen dena izan ohi da, kuadrila egunarekin batera. Disfrazatutako lagun taldeek herria hartzen dute eta txoko guztietan ikus daitezke imajinazioz landutako jantzi eta arropak. Beste herri batzuetan ere egiten den moduan, Beasainen jaimak jartzen dira. Hau da, karpa txiki moduko batzuk, mozorrotutakoek bertan egoteko aukera izan dezaten eta gehienetan, halako espazioetan musika ere jartzen dute gazteek.

Ekintza edo ohitura horrek buruhauste bat baino gehiago ekarri izan ditu hainbat urtean, sortzen den zarata eta zaborrak eragindako molestiengatik. Beasaingo Udalak, horren aurrean, neurriak hartu zituen eta gaztetxoekin biltzeko bidea hautatu du. Hala, joan den astean mozorro eguneko jaimen antolakuntzara bideratutako lehen bilera egin zuten eta bertan bedera-tzi taldeetako 25 gazte bildu ziren udaletxean, Beasaingo alkatea den Aitor Aldasororekin, eta Elena Ruiz zinegotziarekin batera. Lehen bileran azken urteetan gazte eta Udal arduradunen artean adostutako arauak eta neurriak berretsi ziren eta hurrengo bilerarako hitzordua jarri zen.

erabaki nagusiak Bileran gauzak zehazten joan ziren eta halakoak ekarri zituzten gogora, besteak beste: ordutegia, izen-ematea, argindarra, kokapenaren zozketa, errekaren garbiketa eta musikaren bolumena. Puntu guztiak elkarbizitza eta segurtasuna oinarri dutenak, alegia.

Hori horrela, aurtengo mozorro egunerako jaimetako gazteek musika ekipo guztiak berdinak izango dituzte eta enpresa berdinari alokatuko zaizkio. Ekipo hauek musikaren bolumena mugatua izango dute, gainera. Iazko urteko mozorro egunean bertan bizilagunen presentziarekin musika froga bat egin zen alderdien artean adostasun batera iristeko. Orduan 90 dezibelio inguruan jarri zen muga eta aurten ere hala izango da.

Bestalde, jaima hauek errekaren ondoan jartzen direnez, askotan, material zatiak, plastikoak eta mozorroen parteak errekan amaitzen dute. Hori hala izanik, jaima bakoi-tzeko taldeak oraindik ere zehazteko dagoen diru-kopuru bateko fidan-tza jarri beharko dute jaien ondorengo astean erreka garbitzeaz arduratuko diren pertsonei ordaintzeko.

bostak arte Adostutako beste neurri batzuk berdin jarraituko dute 2019an. Hala nola, mozorro egunean, eguerdiko 12.00etatik aurrera kokatu ahal izango dituzte jaimak, hori baino lehenago ezingo da, izan ere, zerbitzuetako banatzaileek kalean sartu eta irtenean ibili beharko dute eta bidea ez eragoztea da helburua. Horrez gain, jaima guztiei argindarra emateaz Udala arduratuko da eta goizaldeko bostetan etengo da zerbitzu hau. Ez da gasoliozko argindar sorgailurik erabiliko eta jaima koka-tzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Hurrengo bilera ere zehaztu zuten eta maiatzaren 14an izango da, arratsaldeko 18.00etan, udaletxeko batzar aretoan. Epe horretara bitartean izena eman ahalko dute orain arte hala egin ez duten taldeek, eta egun horretan egingo da jaima bakoitzaren tokien zozketa eta errekaren garbiketarako fidantza jasoko dute ordezkariek.