zestoa - Iristear dira Zestoako Iraeta auzoko bigarren astebukaerako Santa Ines jaiak eta eguraldiak laguntzen ez duen arren, festarako prest jarraitzen dute zestoarrek.
Egitarau zabala antolatu dute aurten. Aurreko igandean hasi zituzten festak aizkolariekin eta bihar jarraituko dute jaiak ospa-tzen mus txapelketa azkarrarekin (22.30ean Bekoetxen eta izen-ematea bertan 22.00etatik aurrera). “Jendetsua izaten da, 100 bikotetik gora biltzen dira guztira”, adierazi du Iban Narbaiza festa batzordeko kideetako batek. Irabazleek 1.000 euroko saria jasoko dute eta bigarrenek, aldiz, 400 euro. Sariak ere izango dira hirugarren eta laugarren postuan geratzen direnentzat.
Larunbatean egun osorako ekintzak izango dira. Pilota finalekin hasiko dute eguna 11.00etatik aurrera. Bertan Arrita eta Txapei eta Hector eta Ander bikoteak izango dira herriko txapelketa irabazteko norgehiagokan. Hirugarren eta laugarren postua ere jokatuko dute Kixkurra eta Beñatek, Urtzi eta Liamen aurka. Honen ondoren, pintxo lehiaketa izango da Gure Ordeka elkartean eta egindako mokadu horiekin bazkalduko dute bertan eguerdiko 14.00etan.
Arratsaldeko giroa alaituko du batukadak, bertan ibiliko baitira 20.00etatik aurrera eta garagardo afariarekin jarraituko dute. Iraetako frontoian izango da eta gerturatzen direnek saltxitxak, kodilloa eta postrea jateko aukera izango dute garagardoarekin batera. “Afalostean, gaua alaitzeko erromeria izango da eta hainbat pieza joko ditu Hemengattun taldeak”, esan du Narbaizak.
Larunbateko jai egunaren ondoren, igandean amaituko dira aurtengo festak. Goizean festetako meza berezia eskainiko zaie jubilatuei eta ondoren hamaiketakoa izango dute 10.30ean. Arratsaldean, berriz, “etxeko txikienen txanda” izango da umeentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak izango baitira 16.30etik aurrera.