Getaria - Urtarrilaren amaieran Getariako EAJren udal taldeak Udalaren finantza egoera okerrera doala salatu zuen. Horren ondoren, Nika Lertxundi alkateak eta Iker Azkue Ogasun zinegotziak EAJ adierazitakoa “gezur hutsa” zela esan zuen, baina ostiralean egindako prentsaurreko batean Aitor Urresti jeltzaleak nabarmendu zuen gezurretan ari dena udal gobernua dela.
“EAJk eta nik neuk politikagin-tza arduratsua egiten dugu. Udal teknikariekin elkarlanean egiten dugu lan, eta egiazko arazo larri baten inguruko adierazpenak egin genituen. Arazo bat non Udaleko zerbitzu juridikoek azken urteotan ohartarazi duten eta EH Bilduk kasu egin ez dion”, adierazi zuen Urrestik. Horretaz gain, EAJren adierazpenak gezurtatzea “lotsagarria” dela azpimarratu zuen.
Aitor Urrestik egindako adierazpenen aurrean “udal ordezkari batek oinarririk gabeko salaketak egitea erabat lekuz kanpo dagoela” eta adierazpenak zuzentzeko eskaera luzatu zuen EH Bilduk, baina bozeramaile jeltzaleak argi utzi du oinarria badagoela eta dokumentu horiek edozein herritarrek ikus ditzakeela.
‘Gardentasunik ez’ “Badirudi EH Bilduk ez duela gardentasunez jokatu nahi. Idazkariaren txostenak EAJko adierazpen oro justifikatzen du, guztiz egiazkoak baitira. Kudeaketa txarra badarama EH Bilduren udal taldeak, onar ditzatela beren ekintzak eta ez oposizioaren lanaren inguruko susmoa zabaldu, herritarrei egia helarazteagatik egindako adierazpenen aurrean, nahasmena sorrarazteko eta beren aurpegia zuritzeko helburu bakarrarekin”, esan zuen Urrestik amaitzeko. - A.R.