Ume bati, meriendarako, txokolatea emango diozula hitzematea. Adibide honekin azaltzen du Marina Garces filosofoak (Bartzelona, 1973) promesa bat egitea edo hitzematea zer den eta zer nolako eragina duen guregan. Berak galdetzen duena da zerk egiten duen posible denboran zehar, besteekin, konpromiso bat hartzea. Promes egitea edo hitza ematea dela dio Garcesek horretarako erabiltzen dugun tresna. Baina promesak ez duela bermerik dio. Promesa bat egitea arrisku bat hartzea dela. Zuretik zerbait emango duzula esaten duzu, jakin gabe, eman ahal izango duzun. Eta besteak arrisku bera onartzen dizu, jakin gabe, zuk zure promesa edo hitza beteko duzun. Biek ala biek lotura bat onartzen dute. Eta berdin gertatzen dela dio filosofoak eguneroko promesa txikienekin ere. Eta hor aipatzen du txokolatearena.
Aipatzen du baita ere, kontua ez dela hainbeste promes egitea, baizik eta promesa horien ondorioz, zer nolako bizimodua bizi dugun. Zertan sinisten dugun. Gaur, agintean daudenei promes egiteko eskatzen baitiegu, hitza emateko. Promes egin dutena bete dezaten eta emaitza batzuk berma diezazkiguten. Garcesek dioenez, nahi edo premia hauen oinarrian sortzen ari dira hitzaren, denboraren eta konpromisoaren inguruko monopolio berriak.
Xabier Iraola zutabegileak ere ideia bertsua darabil joan berri zaigun asteburuko bere idatzian “Ni eta ni” besterik buruan ez daukagun herritarrok promes egiteko edo konpromiso bat hartzeko daukagun zailtasuna salatuz.
Eta gogoratu naiz, gerra osteko gertakizunen artean badela istorio bat kontatzen duena, amak, ez zeukaten oparotasuna agertzeko, etxeko txikiei meriendarako zer nahi zuten galdetzen ziela, ozen, auzokoek entzuteko moduan: txokolatea, urdaiazpikoa edo gazta menbriloarekin. Eta umeek erantzun aurretik, amak zeukatena hartu eta alde egiteko agintzen ziela.
Ezbairik gabe, promesek gauzagarriak izan behar dute. Bestela, sortzen duten desilusio(politiko)a gainditzeko, maiz, bizitza oso bat ere ez baita nahikoa.
Esandakoa: txokolatearekin ezin da jolastu.