ordizia - Duela hiru urtetik martxan dago Ordizian Giza Eskubideak Herrira izeneko proiektua. Batez ere, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko helburuarekin jarri zuten martxan egitasmo hau. Ordiziako Jose Miguel Santamaria alkatearen hitzetan, proiektuaren ardatz nagusia “giza eskubideen inguruan herritarrak sentsibiliza-tzea, eta topaguneak zein komunikazio bideak sortzea da”. Hori ez ezik, ekimen honek herrietan dauden “aniztasunak azaleratzeko” balio duela ere nabarmendu zuen. Bide batez, “arazoa izan daitekeena aukera bihurtzea ere bilatzen” duela pentsatzen du Santamariak.
Horregatik, Ordizia Hiri hezitzailea foroak Ordiziarrock-Ordiziako Trobadore Alaiak taldearen lana aitortu nahi izan du, eta baloratu du taldeak inklusioaren alde egiten dituen ahaleginak, bere kultur proiektuak erabat irisgarriak eta inklusiboak izateko ahalegina, persona guztiek modu aktiboan eta aukera berberekin parte ahal izateko. Urko Ruiz de Apodakak jaso zuen orain egun gutxi oroigarria taldearen izenean eta sariarekin “oso harro” dagoela nabarmendu du: “Ez genuen espero horrelako ezer, baina indarra ematen du ikusteak lana ondo egiten dugula”. Nahiz eta espero gabea izan, “merezitako” sari bat dela ere nabarmendu zuen Ruiz de Apodakak: “urte asko daramatzagu lanean eta askotan ez da ikusten zein intentsitatearekin egiten den, edo ez da erraza jakitea ea jendeak gustoko duen egindakoa. Kasu honetan, ikusten dugu jendea guri begira ere aritu dela eta pozik gaude”.
Ekimen honekin biztanleek elkarren artean izan ditzaketen desberdintasun guztien gainetik, elkarrenganako errespetua eta elkar ezagu-tza garatu nahi dutela dio alkateak. “Pertsona guztien berdintasuna bultzatu nahi dugu, horren bidez, integrazioa eta kohesio soziala lor-tzeko”. - M.A.