Oñati - Sanmigel eta Errosaixo jaiak ate joka daude. Datorren larunbatean Oñati jendez lepo beteko da festen egun handienetariko bat zuzenean bizitzeko. Herri Egunak dituen erakargarri guztien artean unibertsitateko klaustroa kolorez jan-tziko duen artisauen azoka dago. Antolakuntzan Mirari Sagarzazu ibili da, Lide Osinaga eta Ane Agirrerekin batera.

Zenbat artisauk gerturatuko dituzte euren lanak azokara? Zer egongo da erakusgai?

-Iaztik 30 postuetarako lekua dago -lehen 20 ziren-, partaide bakoitzarentzako mahai bakarra gordeta baitago, jende gehiago sartzeko helburuarekin. Oñatiarrek eta artisauen ziurtagiria dutenek lehentasuna dute hautaketan. Plaza guztiak beteta daude, hamar bat artisau oñatiarrak dira eta besteak, Euskal Herriko leku desberdinetatik etorritakoak. Zer ikusi ahalko da? Lan ugari: narrua, zilarra edo egurra lantzen duten artisauak, jostailuak, umeentzako arropa, poltsak josten dituztenak, zapatari bat?

Herri Eguneko bezalako azokak garrantzitsuak dira artisauentzat, behintzat, lanak jendeaurrean erakusteko, ezta?

-Eskuz egindako lanari eta sormenari dagokien garrantzia eman behar zaie. Artea eta artisautza bereizten dut; beraz, ez dut esango azken hau artea denik. Artean bukaerarako produktuak ez du hainbeste garrantzirik, artisautzan ez bezala, batzuk gerora begira erabilgarriak izango baitira. Bestalde, kultur transmisioa ere badago, artisauek normalean aurreko belaunalditik ikasi baitute eta ba-tzuek, gainera, euren lanak erakutsiko dituzte. Antzinako lanbideak ikasi eta gaur egunera egokitu dituztenak ere badaude, hortik beste produktu batzuk sortuz. Eta, noski, herriak berak gustura ikusten ditu saltokiak, azkenean erakusleiho ere badira.

Antolakuntzan ibiltzeaz gain, zure lanak erakutsiko dituzu larunbateko festan?

-Ilustratzaile naiz lanbidez eta nire ilustrazioak beste euskarri batzuetara eramaten ditut. Azkenaldian, haurrentzako kamisetak eskuz margotu izan ditut. Horiekin joango naiz azokara, baina beste produktu batzuk ere izango ditut ikusgai.

Artisautza erosten da gaur egun? Jendeak baloratzen du atzean dagoen prozesua?

-Egia da azoka askotan ez naizela egon, batez ere Oñatin eta bailaran ibili izan naiz. Beraz, nire esperien-tziagatik esan dezaket Oñatin jendeak erosten duela, eta hau ez dut esaten oñatiarra naizelako. Herri Eguneko azokara joaten direnen artean asko ikustera datoz, baina beste asko erostera. Baloratu edo ez... Norberaren produktuari prezioa jartzea zaila da, baina kontuan hartzen dute eskuz eginiko gauzak direla. Ohituta gaude seriean ekoiztutako produktuak eskuratzen, dena den, zeozer berezia dugunean zaintzen saiatzen gara.

Zure kasuan, zerk bultzatu zaitu arte munduan murgiltzera?

- (Irribarrea). Gure etxean sormena bultzatu da betidanik. Batxilergo artistikoa egin nuen, gero Arte Ederrak eta azkenik doktoratu egin nintzen. Ez da bakarrik nire erabakia izan, nire etxean bide hori jorra-tzera animatu ninduten. Beraz, oso garbi izan dut.

Aurrera eramandako proiektuak edo esku artean dituzunak?

- Esaterako, aurtengo Oñatiko jaien egitaraua diseinatu dut. Hortaz aparte, haurren ipuinak ilustratu ditut argitaletxe zein erakunde desberdinentzako, eta baita material didaktiko eta webguneren bat ere. Hiruzpalau proiektu ditut esku artean, baina oraindik aurreratzeko moduan ez; pare bat ipuin hor daude eta sekretutxoren bat ere (barrea).

Ilustratzailea, Bertsozale elkarteko irakaslea... Eta afizioak?

- Bi horiek denboraren %90a ken-tzen didate. Dena den, bidaiatzea asko gustatzen zait, gauza berriak ikustea, pelikulak, irakurtzea ere pila bat, paseatzea... Era batera edo bestera, egoten naizen leku ezberdinek nire sormena elikatzen dute.

Nola biziko dituzu aurtengo festak?

- Lanez lepo eta primeran. Espero dut herriak betiko moduan bere erantzun positiboa ematea. Bestalde, jendea azokara hurbil dadila animatzen dut; zeozertan hobe genezakela pentsatu ez gero, prest gaude entzuteko, eta antolakuntzan norbaitek lagundu nahi badu, besoak zabalik jasoko dugu. Azkenik, azpimarratu nahiko nuke festen ekitaldi asko aurrera eramateaz herritarrak arduratzen dira, eta horien atzetik dagoen lana ere kontuan hartu behar da.