Ekainfesten VIII. edizioa ospatuko da larunbatean
Zestoako ondare historikoa ezagutzera emateko egitarau zabala egongo da egunean zehar
Zestoa - Larunbat honetan Historiaurrera salto egiteko aukera izango da Zestoako Udalak antolatu duen Ekainfesten zortzigarren edizioan eta Bizi Historiaurrearen xarma lelopean, herriko ondare historiko eta kulturala emango da ezagutzera. Gainera, aurtengoan hainbat nobedaderekin dator ekimena.
Ekainberriko Juanjo Aranburuk atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, berrikuntza nagusietako bat bailara ezagutzeko tren txu txua izango da, eta herriko plazatik Ekaingo kobaraino joango da egun osoan zehar doako zerbitzua eskainiz. Horrez gain, herriko hainbat tabernek historiaurreko gaiari lotutako pintxo tourra egingo dute eta zenbait jatetxek menu bereziak prestatuko dituzte. Azken finean, Zestoako nolabaiteko “ate irekien eguna” dela nabarmendu zuen Aranburuk eta hainbat jarduera izango dira ondare historikoa ezagutzeko.
Hala, Ekainberrin eta Sastarrain bailaran historiaurreko jarduerak izango dira 11.00etatik 19.00etara. Batetik, Ekainberriko erreplikak doan bisitatu ahal izango dira; bestetik, Lili Jauregia ere barrutik ezagutu ahal izango da; eta azkenik, Sastarrain Baserri Eskolako zalditegiko lanen tailerrak izango dira. Gainera, Ekainberri parean kanpamendua egongo da egunean zehar, haurrek sua egiten eta haragia erretzen ikas ditzaten, besteak beste. Bestalde, Aritza Villaluengaren eskutik Har-tzak Gipuzkoan erakusketa ikusgai izango da Ekainberrin (12.00-14.00 eta 16.00-18.00) eta IV. Historiaurreko Olinpiadak jokatuko dira, 16.00etatik aurrera. Banaka hartuko beharko da parte proban eta oraindik izen-ematea zabalik dago (943 868 811 edo info@ekainberri.com).
Baina Zestoako herrigunean ere ez da aspertzeko denborarik izango. Arratsaldean Irrien Lagunen Zatoz jolastera ikuskizuna izango da (18.30), arkumea burruntzian erreta jateko aukera izango da, eta amai-tzeko, Zestoako trikitilariek giroa alaituko dute.
Josetxo Mendizabalek, Zestoako alkateak, aipatu zuenez festa indarra hartzen doa eta “festa masiboa ez den arren, familiarteko giroan ederki funtzionatzen duela” azpimarratu zuen. Amaitzeko, gonbitea luzatu zien herritarrei nahiz inguruko bizilagunei.
Más en Gipuzkoa
-
Las licencias para construir nueva vivienda caen un 36% en Gipuzkoa: sólo 789 en un año
-
Los comerciantes de Urretxu y Zumarraga celebraron su día
-
Rifirrafe en el Pleno de Arrasate por la subida de las tasas en los cursos deportivos y el euskaltegi
-
Arrasate presenta su hoja de ruta para “una política de vivienda avanzada”