Orio - Hiraren abeslaria izateagatik ezagutuko dute askok Ibai Marin, baina orain bakarkako proiektu bati ekin dio donostiarrak, heavy estiloan erreferente izan den taldeak atseden bat hartu baitu. “Bizitzaren bueltak” direla eta, Orion bizi da Marin irailetik, eta kostaldeko herrian “gustura” dagoela dio musikariak. Ostiralean herritarren aurrean aurkeztuko du bere proiektu berria, 22.30ean kultur etxean.

Bakarka arituko zara kontzertuan. Zer entzun ahal izango dugu?

-Nik konposatutako kantuak eta bertsio pare bat abestuko ditut. Batez ere, nire ahotsa indartzen dut eta gitarra laguntzaile bat da. Azken finean, ni ez naiz gitarra- jotzailea, abeslaria baizik, eta gehien gustatzen zaidan eta dominatzen dudan instrumentua ahotsa da. Bestalde, nire neskalaguna korista izango da. Proiektu honetan buru belarri nabil, eta nire intentzioa kontzertu bat edo bi ematea zen arren, azkenean, urtea 16 emanaldirekin itxiko dut. Oriokoa niretzat garrantzitsua da, irailetik hemen bainago bizitzen eta ardura puntu bat daukat.

Abenduaren 5ean beste kontzertu bat ere eskainiko duzu, ezta?

-Herriko plazan joko dut, Orioko Udalak kontzertu berezia antolatu baitu, eta Kultur Tailerreko box-etan entsegatzen dugunoi bertan jotzeko aukera eman digute. Haritz Pardina oriotarrarekin, Alex Lobato bateria-jotzailearekin eta Manex Etxeberria baxuarekin talde modura aterako naiz oholtza gainera. 2017 urterako nire asmoa da bi aukera izatea, bakarlari moduan edota talde moduan. Ikusi dut aukera batzuk sortu direla talde moduan proiektua aurrera eramateko, eta kasu berezietan horrela azalduko gara, baina ez da proiektuaren ibilbide nagusia.

Urte askoan Hira taldearen babesa izan duzu. Nolako sentsazioak dituzu orain bakarka?

-Lehen kontzertuan urduritasun maila beldur bihurtu zen, eta bigarrenaren ostean, ez nuen gehiago jo nahi. Hirugarren edo laugarrenean, berriz, aldaketa bat izan zen nigan eta deseroso egotetik oso eroso sentitzera pasatu nintzen. Beldur horiek aurrera eramateko gai nintzela ikusi nuen eta sentimendu horiek bultzatu ninduten jarraitzera. Eta orain, egia esan, oso gustura nago egiten dudanarekin.

Nolatan hartu duzu bakarrik ari-tzeko erabakia?

-Eboluzio natural bat izan da. 15 urte baino gehiago egin ditut Hirarekin, taldea bultzatzen, eta ni bakarrik aritzeko gogoa nuen. Grin hori baneukan, eta Hiran denen aldetik denbora falta zegoela ikusi nuenean, une egokia iruditu zitzaidan etenaldi bat egiteko, eta etenaldi horretan nire proiektua lantzeko.

Hira taldea erreferente bat izan da heavy estiloan. Zure bakarkako proiektuak badu kutsu hori?

-Musika aldetik ez du zerikusirik, baina egia da Hiran ia kantu guztiak nik sortzen nituela eta Ibai Marinek bere zigilua dauka. Parekotasun bat topa daiteke baina estiloak ez du zerikusirik.

Hilabete batzuk badaramatzazu Orion. Zer nolako musika giro eta zaletasuna ikusten duzu herrian?

-Oraindik berria naiz, baina mugimendua ikusten dut, baita talentua duen bat edo beste ere. Horietako bat da Unai Odriozola, oso gitarra-jotzaile ona. Bestalde, nirekin jotzen duen Haritz Pardina ere aipatzekoa da. 20 urte ditu eta mutil zentzuduna da eta musikalki ere emateko asko duena. Mugimendua badago, baina betikoa da, kontzertuak ateratzea oso zaila izaten da.

1998az geroztik ibili zara Hira taldearekin. Zer nolako esperientzia izan da?

-Oso ona, guztiz positiboa. Baina, urte asko dira, jende asko pasatu da eta hasieratik ni bakarrik gelditzen naiz. Jende eta eszenatoki asko ezagutzeko aukera izan dugu. Nire bizi-tza eman dut Hiran, eta musika munduan sartzen zaren momentuan, sentimentu asko sartzen dira eta niretzako pasio bat da.

Hira noiz itzuliko den hitz egin al duzue?

-Goiz da erabakitzeko. Orain proiektu honekin disfrutatu nahi dut, eta momentuz ez dago buelta-tzeko ideiarik baina aterik ez dugu sekula ixten.

Eta bakarka diskorik ateratzeko asmorik baduzu?

-Barruko borroka bat daukat. Nahiago dut jendeak nire kantuak ezagu-tzea kontzerturen batera etorri delako, nonbaiten entzun duelako baino. Disko bat ateratzeko grina ere badaukat, baina momentuz nahiago dut grin hori frenatu. Jendeari nire abestiak azaldu nahi dizkiot, baina zuzenean, uste dut erarik politena eta gertukoena dela.