Síguenos en redes sociales:

“Ez dago Zarauzko Euskal Jaiak bezalakorik, baina beste herritatik ere asko etortzen dira baserritar jantzi bila”

Mila Iztuetak duela sei urte hartu zuen Zarauzko Mendizabal kinkiladendaren testigua. Euskal Jai eguna hurbiltzen ari da eta lan eta lan dabil abaltzisketarra

“Ez dago Zarauzko Euskal Jaiak bezalakorik, baina beste herritatik ere asko etortzen dira baserritar jantzi bila”

Zarautz - Bi egun besterik ez dira falta Euskal Jai egunerako. Egun berezi horretan baserritar trajeak dira protagonistetako batzuk, eta jantzi horiek eskuratzeko Mendizabal kinkiladenda da Zarauzko erreferentziazko lekua. 1962an zabaldu zen Mendizabal eta Mila Iztueta abaltzisketarrak duela sei urte hartu zuen negozioa aurreko jabea jubilatu zenean. Harrezkeroztik, trajeak saltzeaz gain, ondo janzteko gomendioak ere ematen ditu, egun hori ospatzeko jantzia “oso garrantzi-tsua” baita.

Egun hauetan nabari duzue jendea dendan, ezta?

-Bai, jendea duela aste batzutatik dabil jantzia prestatzen eta denborarekin prestatu behar da, jantzia ez baita urte baterako erosten. Behin adin batera iritsita, urte batzuk irauteko erosten da trajea, luzarorako erosten da.

Eta urtean zehar ere saltzen al dituzue baserritar jantziak?

-Guk urte osoan izaten dugu baserritar trajea salgai, eta denboraldi honetaz aparte saldu ere egiten dugu beste hilabeteetan; izan ere, Euskal Jaiak ospatzen dituzten geroz eta herri gehiago daude. Festa horiek ez dira Zarauzkoak bezala, baina beste herritatik jende asko etortzen da urte osoan zehar, eta Gipuzkoako hainbat herrietaz gain, Bizkaitik eta Arabatik ere etortzen dira batzuk.

Zer saltzen duzue gehienbat? Baserritar jantzi osoa ala osagarriak?

-Asko izaten dira ezer ez dutenak eta goitik behera jantzi nahi dutenak, eta beste batzuk, ordea, aspertu egiten dira duten jantziarekin eta piezaren bat aldatzen dute, horrela, urtez urte osagarri berriak erosi eta jantzi berria osatzen joateko.

Euskal Jaiak Zarauzko festarik garrantzitsuenetakoak direla argi dago. Baina, zuk uste duzu tradizioari eusten zaiola?

-Nik esango nuke behin adin batera iritsita, behar den bezala jantzi behar dela konturatzen dela jendea. Baina, nerabezaroa adin kritiko bat da, eta gazte asko ikusten dira kalean tirantezko kamisetarekin. Pena bat da behar bezala ez janztea, baina beraiek ere helduak direnean, eta batez ere gurasoak direnean, haurra ondo jantzi nahi dute eta beraiek ere dotore joan nahi dute. Nik uste dut hor erabateko transformazioa egoten dela.

Eta kanpoko herritatik etortzen direnek errespetatzen al dute?

-Baietz esango nuke. Kanpotik datorrenak ere badaki hemen festa handia egiten dela eta ezer ez duen norbait azken momentuan etortzen baldin bada, dendara etorri eta zerbait behintzat erosiko du. Zapia, adibidez, askok erosten dute.

Zer nolako aldaketak nabari dituzu azken urteotan janzkeran?

-Ba orain geroz eta gehiago ikusten dira koloreak eta aldaketa nagusia hori dela esango nuke. Hala eta guztiz ere, jende askok oraindik jantzi iluna erabiltzen du, eta hori ez dago inolaz ere baztertuta, hori oraindik ere saltzen dut. Baina, trajea horren ilun ikusi beharrean, jendeari gehiago gustatzen zaio alaitsu joatea, jan-tziari kolore eta alaitasun gehiago sartuz.

Baserritar jantzia erosteko erreferentziazko lekua da Mendizabal...

-Ez da leku bakarra Zarautzen, baina zaharrena dela esango nuke. Euskal Herri mailan ere uste dut denda zaharrenetakoa dela.

Imajinatzen dut zuretzat ere berezia izango dela Euskal Jai egunean zure dendan erositako traje asko kalean ikustea.

-Bai, jende asko ikusten dut, eta ilusio handia egiten dit. Gainera, beti saiatzen naiz aholkatzen nola joan behar den jantzita, hau edo bestea nola eraman behar den... Hori bai, derrigortu ez dut egiten, baina behintzat hemendik pasatzen denak jakin dezala nola eraman behar den trajea. Adibidez, batzuk zapia txalekoaren gainetik nahi dutela esaten didate, eta txalekoaren gainetik berez zapirik ez da eraman behar, baina kalera ateratzen zara eta jende mordoa ikusten duzu horrela. Nik behintzat gomendatu egiten dut, kasurik egin ez arren, jakitea inportantea baita. Bestela, gauza guztiak aldatzen hasten bagara, asko galduko litzateke... Eta nik uste dut egun hori ospatu nahi badugu, jan-tzia oso garrantzitsua dela.

Amaitzeko, zuk nola ospatuko duzu Euskal Jai eguna?

-Denda zabaldu egiten dut goizean, eta hemen egoten naiz 14.00ak arte nahi duen jendeari laguntzeko prest, zapia buruan jartzeko adibidez eta norbaitek zerbait erosi behar badu ere . Gero, lagun batzuekin elkartuko naiz eta bazkari bat egingo dugu, eta urtero bezala, San Pelaiora joango gara eta dantza egingo dugu.

Gipuzkoako txokorik kuttuna. Ni bertakoa izanda Abaltzisketa esango dut.

Paisaia idiliko bat. Zarautzek badu halako berezitasun bat...

Mendi bat. Txindoki.

Hondartza bat. Zarauzko hondartza.

Festa edo ospakizun berezi bat. Zarauzko Euskal Jaiak, euskaldunak garelako eta jaia aparta izaten delako. Euskaldunon izaera erreibindikatu nahi da festa honekin, eta egun horretaz gain, Euskal Astea ere ospatzen da hainbat ekitaldirekin.