Lamiak, sorginak, jentilak eta euskal mitologiako beste hainbat pertsonaia izango dira gaur, Ataunen. Jakina da Ataun euskal mitologiari hertsiki lotutako herria dela, eta bere izenari omen egingo diote gaur iluntzean. Gaur ibilaldi mitologikoa izango da bosgarrenez, eta mila lagun inguru espero dituzte. 20.30ean hasiko da ibilaldia eta ordu erdi beranduago abiatuko da bigarren taldea. 3 ordu inguruko ibilaldia izango da eta distantzia ere 3 kilometrokoa da. San Gregorio auzotik abiatu eta San Martin auzoan amaituko dute eta edozein adineko pertsonarentzat egokia da. Urtero egin ohi duten an-tzezlanean beti egoten da pasarte berriren bat eta aurtengoan Etsai pertsonaia izango da izarra. Hiru antzerkitan hura izango dute ardatz: “Etsai pertsonaia berria izango da Gau Ibilaldian. Herriko neska bat bereganatu nahi du, eta haren aurka egingo dutenak ere izango dira”, azaldu du Jon Aizpurua antolatzaileak. “Etsai hasieran mutiko normal bat izango da, baina gutxika, eraldatzen joango da”, gaineratu du Santi Etxeberriak. Hura ere antolatze lanetan ibiltzen da hasiera hasieratik herriko ia beste ehun lagunekin batera.
Urtero, ibilaldi mitologikoa berezia izaten da. Izan ere, antzezlana egiteaz gain, herriko txokoak ezagu-tzeko aukera ere ematen du. “Erreka eta herri bidea aprobetxatzen ditugu, eta bertan antzezten ditugu eszena mitologikoak”, nabarmendu du Aizpuruak. Bertako baserriak, soroak eta etxeak bihurtzen dira an-tzezleku. “Arboladia sorginen lekua bihurtu da, errekan lamiak egoten dira...”, dio Etxeberriak. Horrela, jendea ibilbidea egiten doan eran gauzak topatzen joaten dira. “Mitologia, kondairak eta benetako istoriak nahasten dira”, agertu du Aizpuruak. Horrek, nahitaez, lan handia du. Aizpuruak adierazi du errekuperazio lan handia egin dutela historioak eta ipuinak biltzeko. “Joxe Arratibel ataundar ipuin biltzailea izan da, eta beti, era batean edo bestean, bere istorioak daude pasarteen atzean”, esan du. Aizpurua bera izaten da gidoiaz arduratzen dena, baina ondoren, pertsonaren arabera aldaketak egiten ere joaten dira “ahalik eta “naturaltasun eta sinesgarritasun” gehien bilatuz. Gainera, erabiltzen duten hizkuntza euskara den arren, ataungo hizkeran egiten dute. “Guretzat garrantzitsua da ataundar hizkeran egitea, bertako hitz eta esamoldeak ez daitezen galdu”, onartu du Etxeberriak. Bestalde, Joxemiel Barandiaranen jaioterria izanik Ataun, haren bizitzako pasarteak ezagutzeko aukera izango da eta aurten, esaterako, Barandiaranen haurtzaroko kontuak ere sartuko dituzte. Hauek izango dira gaur iluntzean ikusi ahalko diren pasarteak: Jentilak ehizan, Barandiaran gure arima, Barandiaran ikasle txikia, Behi lapurra-Kattalin maitemin, Sorginen sekretua, Dar-dar eta Etsairen dantza.
gaua gauekoentzat Ikuskizuna 20.30ean hastea ez da kasualitatea. Hala dio Aizpuruak: “Bidearen erdia egun argitan egiten da. Beste erdia, berriz, ilunez”. Ilunetan, ordea, ikusleak ere parte hartzaile bihurtzen dira. Haiek izango dira argi-zuziak eramango dituztenak, eta gaua argi-tzeaz arduratuko direnak.
Pasarteetan antzezten duten pertsonak ataundarrak dira, baina ez dituzte ausaz aukeratzen. Izan ere, Etxeberriak azaldu du, normalean, pertsonaiaren atzean pertsona bera egoten dela antzezten. “Ia barneratuta dute papera”, gaineratu du. “Saiatzen gara pertsona eta pertsonaiaren pertsonalitateek bat egitea”, aitortu du Aizpuruak. Beraz, gaur gauean ikusiko diren pertsonaien atzean pertsonen ezaugarriak ere ikusteko aukera izango da, era berean, sinesgarritasuna emanez. Antzezten duen inor ez da profesionala, eta azken hilabeteetan buru-belarri ibili dira entsegu lanetan. Guztira, ehun lagun inguruk parte hartzen dute, eta horrek Ataun herriari berari ere bizia ematen dio. “Normalean kalean ikusten ez direnak ere parte hartzen dute, eta hori pozgarria da”, adierazi dute antola-tzaileek. Etxeberriak uste du “denerako” balio dutela horrelako ekin-tzek.
Jentilbaratza Kultur Elkarteak antolatzen du ibilaldia. Urte gazi-gozoak pasa izan dituztela onartzen dute bi antolatzaileek, baina orain egoera erabat aldatu dela ere nabarmendu dute. “Lehen ez genekien ea ondorengo belaunaldiek jarraipena emango zioten; egun, ez dugu zalantzarik”, esan du Aizpuruak. Ataundarrak txikitatik daude mitologiari lotuta, eta euskal kondairak ondo ezagutzen dituzte. Hala kontatzen du Etxeberriak: “Ataungo ume guztiek dakite zeintzuk diren euskal mitologiako pertsonaiak eta hori oso pozgarria da”. Bestalde, jendearen erantzuna ere asko esker-tzen dute: “Lehenengo aldiz antolatu genuenean ez genuen espero hainbeste jende etorriko zenik. Aurreikusi genuen datua bikoiztu zen, eta orain prest gaude 1000 lagun biltzeko”, azaldu du Etxeberriak.
Sorginak, lamiak eta euskal kondairak. Horiek izango dira gaur iluntzean protagonista Ataunen, eta inguratzen diren guztiek aukera izango dute berriz ere on eta gaizkiaren arteko “borroka” ikusteko. Magia bereziak hartuko ditu Ataungo txoko guztiak, eta garai bateko sinesmenak argitara ekarriko dituzte. Iluntzean ikusiko da ea azkenean ilunak menderatzen duen argia, edo argitasunak amaituko duen iluntasunarekin.