Síguenos en redes sociales:

Lemniskatak ‘Urtarrila, matematikaren bila’ antolatu du

Abel Martin matematikariak ‘¿Matemáticas con los Simpson?’ hitzaldia emango du bihar Beasainen

beasain - Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiak Urtarrila, matematikaren bila ekitaldi sorta antolatu du hilabete honetarako. Zikloa bihar hasiko da, hitzaldi batekin.

Abel Martinek ¿Matemáticas con los Simpson? hitzaldia emango du, 19.00etan, Beasaingo Igartza jauregian. Martin matematika irakaslea da Oviedoko Perez de Ayala institutuan. Ikastaroak eta hitzaldiak emateaz gain, 26 liburu idatzi ditu, matematika aldizkarietan artikuluak idatzi ditu eta erakusketak antolatu ditu. Gainera, aulamatematica.com eta mathsmovies.tk webguneen arduraduna da. Dibulgatzaile honek hainbat sari lortu ditu.

Datorren asteko ostiraleko ekitaldiak ere Igartza jauregian izango dira, ordu berean: matematika argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte eta Imanol Ituiñok Matematika, zinema eta magia hitzaldia emango du.

Egun berean, erakusketa irekiko dute Usurbe aretoan, argazki lehiaketara aurkeztutako lanekin. Argazkiak hilaren 22a arte egongo dira Beasainen. 25etik 30era Ordiziako kultur etxean egongo dira eta otsailaren 1etik 5era Lazkaoko kultur etxean.

Hilaren 22an Fernando Blascok Matemagia hitzaldia emango du, 29an Jose Luis Etxezarretak eta Goyo Lekuonak Matezinema tailerra eskainiko dute eta Jose Maria Sorandok Cine y matemáticas hitzaldia emango du, otsailaren 11n Goieniz zineklubak The imitation game eta Pipas pelikulak proiektatuko ditu eta otsailaren 12an Manuel de Leonek Alan Turingi buruzko hitzaldia emango du. Ekitaldi guztiak Igartza jauregian izango dira, 19.00etan, tailerra eta proiekzioa izan ezik: tailerra Igartzako errotan izango da, 17.30ean, eta proiekzioa Usurbe aretoan, 21.30ean. - A.Z.