Síguenos en redes sociales:

Diru-sarrerak bermatzeko laguntza: eskubide soziala edo gehiegikeria?

Diru-sarrerak bermatzeko laguntza: eskubide soziala edo gehiegikeria?

Justizia sozialaz ari gara. Eta Donostiako 454 familiaren etorkizunaz ere bai. Baina beste batzuek “eskumenak” baino ez dituzte ikusi nahi. Hain zuzen ere, pertsona horien diru sarrera bermatzea gehiegikeria dela pentsatzen dutelako eta gainetik nola kendu ez dakitelako.

Diru Sarrerak Bermatzeko Lagun-tza (DSBL), 31/2012 Foru Dekretuan araututa dagoena, 2012an sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bildu gobernuan zegoen garaian. Eusko Legebiltzarrak, 2011n, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea murriztu zuen eta laguntza hori jasotzeko hainbat betebehar gogortu zituen: derrigorrezko errolda epea 3 urtera luzatu; laguntza ekonomikoa etxebizitzako bi laguntzara mugatu; pertsona migratzaileen kasuan, haien jaioterrian ezkonduta badaude, bi urteko epea dute familia elkartzeko edo, bestela, banandu egin behar dute laguntzari eusteko...

Murrizketa sozial nabarmena zen. Adin txikikoekin lan egiten zuten profesionalek salatu zutenez, esaterako, 18 urte betetakoan Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzatik kanpo gelditzen zirenak kale gorrian geratzen ziren, inolako diru sarrera gabe, ez zutelako hiru urteko errolda epea betetzen. Murrizketari aurre egiteko, eta hainbat familia eta pertsonaren pobrezia egoeraren aurkako neurri bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak DSBL sortu zuen eta udal teknikarien bidez kudeatzen hasi zen oinarrizko gizarte zerbitzuetan.

Hego Euskal Herrian nahiz Espainiako Estatuan ez dago antzeko laguntza sozialik. Oro har, laguntza sozial bat jasotzeko hiru urteko errolda epea eskatzen du administrazioak, baina, DSBLren kasuan, nahikoa da urtebeteko errolda. Hau da, DSBLri esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte zerbitzuen atea ireki zien Eusko Legebiltzarraren murrizketen ondorioz bazterketa egoeran gelditu ziren pertsonei. Neurri aitzindaria izan zen, aurrerakoia, solidarioa.

Aurtengo maiatzean legegintzaldi berria hasi da EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernupean. Hasieratik, Foru Gobernuak desadostasuna azaldu du DSBLrekiko, eta besteak beste, laguntza honen jaso-tzaile gehienen jatorria nabarmendu du. EAJk iradoki du, adibidez, DSBLk migrazio-fluxuak areago-tzen dituela, iruzur asko egiten direla eta “dei-efektua” eragiten duela. Alegia, etorkizun hobe baten bila gurera etorri eta gure artean bizi diren eta egoera ekonomiko txarraren eraginez laguntza ekonomikoa eskatu behar izan duten pertsonek zerbait txarra egin izan balute bezala laguntza hau eskuratuta. Ideia horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostenetan jasota daude, baita udal teknikarien artean egiten ari den inkesta batean ere. Diskurtso ezaguna da. Duela gutxira arte Javier Maroto Gasteizko PPko alkatearen ahotan entzuten genuen; orain, EAJk berreskuratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez. Ukitu xenofoboa agerikoa da, eskuineko alderdiek beti erabili dutena: laguntza-sozialak “desprestigiatu” behar dira, mezu negatibo eta xenofoboen bitartez, murrizketak ezar-tzeko herritarren balizko onespenarekin.

2015. urtean Gipuzkoako 1.500 elkarbizitza unitatek jaso dute DSBL. Donostian, 454. Onartezina litzateke pertsona horiek guztiak (kalkuluen arabera, 2.500 inguru Gipuzkoa osoan) pobreziara eta bazterketa egoerara zigortzea laguntza kenduta. Aitzitik, pertsona horiek Gipuzkoan erroldatuta daudelako eta Gipuzkoako herritarrak direlako, instituzioek ardura bat dute haiengan.

Eztabaida, hala ere, sakonagoa da. Nolako ongizate sistema nahi dugun baita debate nagusia: asistenzialismo hutsean oinarritutakoa edo aberastasunaren banaketa defendatzen duena eta eskubide sozialak bermatzen dituena. DSBL eta an-tzeko laguntza ekonomikoak ezin dira neurri isolatuak izan: etxebizi-tza politikarekin, laneratze prozesuekin, lankidetzarekin eta fiskalitate ereduekin lotura zuzena izan behar duten baliabide sozialak dira. Sistema hoien batura eta koheren-tziaren bidez baino ezin da lortu bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratze erreala.

Zoritxarrez, Donostian ere atzera egin du EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuak baliabide sozial guztietan: Gizarte Ekintzako eta Lankidetzako aurrekontuak murriztu egin ditu, 2015ekoekin proportzionalki alderatuta; ekainean EAEn onartutako Etxebizitzaren Lege berrian jasotako neurriak aurrera eramateko zailtasunak jar-tzen ari dira. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak DSBL diru laguntza kentzeko aukeraz galdetu diegunean, “Ez dugu ezer esango, gure eskumena ez delako” izan da Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziaren erantzuna. Diru-laguntza hauek Donostiako Udalak berak kudeatuko ez balitu bezala. Eskumenez ariko bagina bezala, eta ez justizia sozialaz. Eta batez ere, Donostian bizi diren pertsonak, donostiarrak, Udal Gobernuaren eskumena izango ez balira bezala.

Gipuzkoako eta Donostiako PNV eta PSE-EEk ez dituzte pertsonak jar-tzen beren politikaren ardatzean. Beste lehentasun batzuk dituzte, nabaria denez: Abiadura Handiko Trena, metroa, erraustegia, Monpaseko pasabidea... EH Bilduk beste eredu bat du: herritarren eskubide sozialekin konpromisoa dugu, aurreko agintaldian erakutsi genuen bezala. Horregatik, gogor egingo dugu lan ez dadin inongo aurrerapausorik izan politika sozialetan. Donostiak eta Gipuzkoak, elkartasunean eta politika aurrerakoietan, eredu izaten jarraitu behar dute eta. EH Bilduko zinegotzia Donostiako Udalan