"Gustatuko litzaidake telebistan ateratzea Enrike naizelako eta ez Down Sindromea dudalako". Antzezlanaren bukaera aldera Enrike Amilibia aktoreak esaten duen esaldi honek ederki laburbiltzen du gaur 19.30ean Usurbilgo Sutegi antzokian estreinatuko den Jendartean bidaide, inklusibitatea hausnartzeko obra. Alex Tellok, antzerkilari eta antzerkigile usurbildarrak, sortu du lan hau, Kilometroetako Guztion Gattunk batzordearen eskariz.
“Obra jatorra da, irribarre batekin ikustekoa”. Hala definitu du Tellok Jendartean bidaide lana. Otsailean hasi zen gidoia lantzen Kilometroak taldearen eskariz, eta uztailean hasi ziren lehenengo entseguekin.
“Nirekin harremanetan jarri ziren inklusibitatea ardatz izango zuen lan bat egiteko eta proposamena ilusioz hartu nuen, baina harriduraz ere. Lehenengo gauza inklusibitatea zer den definitu behar nuen. Excluir erderaz zer den oso argi daukagu, baina inklusibitatea ez horrenbeste. Menpekotasunarekin lotu nahi nuen ideia hori eta etiketa horri buelta bat eman, azken finean guztiok menpekotasunen bat dugulako”, argitu du zuzendariak.
Guztiok Gattunk batzordeak oinarri bat planteatu zuen, eta hortik abiatuta egin du lan urte guztian. Antzerkia ere ideia horretatik abiatuta egin dute: “Denok gara gizarte honen parte. Gaitasun maila handia izan dezakegu gauza batzuetan, baina beste batzuetan ez. Guztiok dugu desgaitasun maila bat, eta ondorioz, menpekotasun maila bat. Gaitasun ezberdineko pertsonek osatzen dugu jendartea, eta denak dira beharrezkoak”.
Antzezlanaren bereizgarrietako bat ez dagoela pertsonaiarik da. Hau da, nork bere izena darabil antzezlanean. “Etiketarik jarri behar badigute, izan dadila gure izena. Ez beste ezer”, azaldu du Tellok.
“Ideia nuenean taldea osatzen hasi nintzen. Oso argi nuen taldean aktore profesionalak, Anabel Arraiza eta Ana Elordi bezala, egon behar zirela, lanak berme bat izateko. Beste aktore batzuk ezagutzen nituen eta gainontzekoekin beste lagun ba-tzuen bitartez harremanetan jarri nintzen”, azaldu du. Tellok onartu duenez, asko kostatu zitzaion taldea osatzea, baina azkenean “talde ederra eta mundiala” lortu duela esan du. “Inoiz ezagutu dudan talderik hoberena da: guztiek antzerkirako gogoa dute eta beraien artean oso ondo moldatzen dira”, ziurtatu du.
Aktore-taldeko kide den Enrike Amilibia errenteriarrak dagoen giro ona berretsi du: “Oso gustura nago taldean, giro polita dago eta aktore eta pertsona berriak ezagutu ditut”.
Amilibiak txikitatik izan da an-tzerkizalea eta zenbait lan egin izan ditu Irunen eta etorkizunean an-tzerkian, telebistan edo irratian lan egiteko prest dagoela azaldu du.
Baina, aktore honek badauzka beste afizio batzuk. Gureak enpresan lan egiten du eta osaba da. “Eredu ona izan nahi dut nire ilobarentzat; osaba langile, adeitsua, umila...”
Izan ere, bere familia Amilibiaren-tzat gauzarik garrantzitsuena da: “Beti izan dut nire familia ondoan eta bihar (gaurgatik) antzezlana ikustera etorriko dira”.
“Antzezlanean, inklusibitatea naturaltasunez tratatzen da eta niri gustatuko litzaidake eskoletan eta unibertsitateetan gai hau lantzea”, eskatu du. Alex Tello zuzendaria ere ideia honekin bat dator: “Gure asmoa lan hau beste herri batzuetara eramatea da eta eskoletan eta institutuetan balore hauek erakustea interesgarria litzateke ere”.
Ikusleak hausnarketara gonbidatu nahi ditu antzerkiak. “Batez ere, ikusleen enpatia bilatzen dugu, eta ikusarazi elkar ulertu gaitezkeela zintzoa den edonorekin: berdin duela desgaitasunak izan edo ez, pertsona bat zintzoa den bitartean”, adierazi du Tellok.
Inklusibitatea
Kilometroak jaialdia berezko izaera du. Baina Usurbilen aukera hori baliatu nahi izan dute herriak dituen baloreak jaiari gehitzeko: inklusibitatea da horietako bat, parekidetasuna eta jasangarritasunarekin batera. “Urtebetean ezin da gauza handirik egin, kontziente gara, baina lehenengo urratsak, behintzat, ematea lortu dugula uste dugu: Guztiok Gattunk batzordetik bultzatutako komun unibertsalak eta gizarte inklusiborako gida dira horren adibide”, onartu dute.
“Herri aldapatsua da Usurbil, eta nekez kendu ditzakegu urriaren 4ko zirkuitua irisgarriagoa izateko. Baina hori bezain garrantzitsua da gizartearen zati batek bizi duen egoera ikusaraztea”, esan dute.