Aretxabaleta- Ziburu (Iparralde) eta Aretxabaleta artean bizi da 26 urteko Katalin Antxia gaztea. Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziaduna da eta Multimedia Komunikazioan masterra ere badauka. Baina sormenaren bideari eutsiz, moda ikasketak egin ditu.
Komunikazio ikasketak bukatu eta esparru honetan murgildu ondoren, zergatik erabaki zenuen moda mundura salto egitea?
-Nik ez dut komunikazio munduarekin lotura apurtu, baina lanean aritu nintzenean faltan botatzen nuen kreatiboagoa izatea, sormena lantzea hain zuzen. Azken hau txikitatik garatu izan dut. Niretzat moda komunikazioaren giltza bat da.
Modak beti deitu dizu atentzioa...
-Bai, horrela da. Beti jendeak nola janzten duen erreparatu izan dut. Batez ere, asko gustatzen zait horren atzetik dagoenaren inguruan hausnartzea; ez dut ikusten moda kontsumo, tendentzia edo estetikaren aldetik. Gainera, arropak apurtu edo beste era batera montatzea gustatu izan zait. Hortaz, komunikazio munduan sormena lantzerik ez nuela konturatu nintzenean, argi eta garbi izan nuen bide hau zabaldu behar nuela. Nik jendea estetika ez kontziente batekin jan-tzi nahi dut.
Ekintzailea zara eta azken urteetan Modubat izeneko marka sortu duzu. Zeintzuk dira proiektu honen ardatzak?
-Modubat moda ulertzeko nire modua da. Modak funtsezko papera joka dezake etika eta garapen jasangarriaren gainean. Modubatek (www.modubat.eu) norantza hori hartuko du Slow Fashion mugimenduaz bat eginez. Sormen prozesu anitzak ditugu inspirazio iturri: diziplina ezberdinetako jendea batuta diseinuari ekin nahi diogu. Ongizatea, pertsonak eta egunero ditugun emozioak kontuan hartuta. Esaterako, kazetari, historialari zein baserritar batek papel esanguratsua izan dezakete moda diseinu prozesuan, eta ildo hori landu nahi da, batera irudikatu ezin ditugun profesional desberdinak batzean sortutako sinergiak bultzatuta diseinatu nahi dugu.
Noiz jantzi ahal izango ditugu zure diseinuak?
-Urte bukaera honetan edo datorren urtean. Ekintzaile moduan laguntza bila nabil, lokala... Asmoa dut Aretxabaleta edo inguruan finkatzea. Urtean zehar bi kolekzio aurkeztu nahi nituzke, neska zein mutilena. Eskuz eginak eta hasteko ni bakarrik nagoenez, produkzio txiki batekin. Berezitasunen artean eta nire komunikazio ikasketekin lotuta, moda aldizkari bat ere argitaratuko dut. Aurrera begira, Modubat oso diziplina ezberdinetako lankideok osatuko dugu. Hamaika moduk, errepika ezinezko modu bakarra sortu dezakete.
Nolakoak izango dira zure arropak?
-Eguneroko jantziak, klasiko eta moderno arteko batuketa bat. Erosoak eta, batez ere, materialengan atentzioa jartzen duena. Slow Fashion mugimenduan murgilduta, jantzi baten eraikitze prosezu guztia errespetatu nahi dut, beste kontsumo modu bat bultzatuz eta baita merkatu txikiari begira.
Nor jantzi nahi zenuke? Modeloren bat edo?
-Gure gizartean aurkitzen ditugun pertsonak miresten ditut. Modaren merkatuen kontzientzia duena, bere janzkera zaindu nahi duena eta egunerokoari aurre egiten dion edonor jantzi nahiko nuke.
Aukerak daude moda munduan?
-Oso zaila da. Marka asko daude oso gauza desberdinak eskaintzen. Baina badut esperantza nire tokia izango dudala.
Beraz, zeintzuk dira zure egitasmoaren berezitasunak?
-Pertsonen emozioez baliatzen gara eta horren arabera egiten ditut diseinuak. Berrikuntza eta ongizatea kontuan hartuta, sormen prozesu berriak landu nahi ditugu, orain arte egin ez den moduan. Horregatik herri txiki batenganako apostua egiten du Modubatek. Modan gauza ezberdinak sortzeko testuinguru desberdinak sortu behar dira lehenengo, eta guri horrek irrika eta gure modua lantzen jarraitzeko grina pizten digu.
Patroigintza ikastaroak ere eskain-tzen dituzu, eta gainera, harrera onarekin...
-Bai. Orain dela bi urte hasi nintzen klaseak ematen. Aste honetan hasi (hilaren 11an) eta ekainera arte, hilabetero bi larunbatetan, beste ikastaro bat jarriko da martxan Aretxabaletako Arkupen -hamabost lagunek eman dute izena eta dagoeneko beteta dago-. Patroigintzarekin batera, modaren historia eta hausnarketa ba-tzuk tarketatuko ditugu.