Azpeitia - Azpeitiko Udalak Soreasu antzokiaren kudeaketa esleitu dio Kultur Mahaiaren barruan eratu zen Sanagustin Kulturgunea kooperatibari. Udala eta kooperatibaren arteko hitzarmena atzo sinatu zen udaletxean eta hasierako kontratua urtebeterako bada ere “5 urtera arte luzatu daiteke, bi aldeak gustora bagaude kudeaketarekin”.

Eneko Etxeberria alkateak adierazi zuenez, “zine aretoa baino haratago doan proiektu kultural baten aurrean gaude, Soreasu suspertzeaz gain, Alde Zaharrera bizia ekarriko duelakoan gaudelako”. Eta hori egiteko Kultur Mahaiak atzean duen proiektua “ezin aproposagoa” delakoan dago, “herria inor baino hobeto ezagutzen duelako, herriko talde eta eragile guztiak biltzen dituelako, eta honelako kudeaketetan esperientzia duelako”.

Alkatearen ustetan, Kultur Mahaiak “kudeaketa fina eta serioa egingo du” Soreasun. Gainera, “kultur arlotik proiektu ekonomiko oso indartsu bat gauzatuko du, herriko ekonomia bultzatuz eta lanpostuak sortuz”.

Eragileak bat Kultur Mahaiko, Sanagustineko eta Soreasu antzokiaren etapa berrirako prestatutako proiektu batzuetan inplikatutako herriko hainbat eragiletako ordezkariek (Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeak, Baigera jubilatuen biltokia, Erabaki produkzioak, Ta3. zine kluba, San Martin egoitza...) agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Sanagustinen, beti ere, kudeaketa eredu berriaren nondik norakoak azaltzeko.

Bildutakoek “ilusio handiz” egiten diote aurre “herriko kultur mugimendua eta euskal kultura sustatzeko aukera honi”. Aurrerantzean, zinea eta kultur eskaintza zabalduko da Soreasun eta horretaz aparte, ekipamendua “herriko, talde, eragile eta sortzaileentzako plaza” bilakatuko da.

Gainera, Kultur Mahaiak euskarazko pelikulak eskainiko ditu herriko ikastetxeetako haurrentzat Soreasun eta San Martin egoitzara eta Baigera biltokira emanaldi bereziak eramateko lanean arituko da. Era berean antzokiaren eskaintza plazaratzeko eta sarrerak saltzeko soreasuantzokia.com web gunea sortuko dute.