Usurbil. "Eguraldi lehorra ongi aprobetxatzen ari da Saria ingurua berreskuratzeko lanean ari den enpresa, eta Foru Aldundiaren gidaritzapean gauzatzen ari den obra martxa onean doa", adierazi du Usurbilgo Udalak bere webgunean. Hasiera batean, bi hilabeteko epean bukatzeko asmoa azaldu du Aldundiak, udazkeneko euriteak hasi baino lehen ahal bada.

Lehenengo lana zeuden makalak kentzea izan da. Gero, makinak sartu dira lurraren maila jaisteko, ura sartu ahal izateko eta padura ekosistema berreskuratzeko.

Gunearen itxura goitik behera aldatu egin da, lezkadia ere kendu baititute makinek. Hala ere, lanak amaitzen direnean, lezkadia itzuliko da. Gainera, kendutako lurra aprobetxatzen ari dira errepidetik eremua babestuko duen lur meta bat osatzeko.

Badira urteak Saria lehenera-tzeko egitasmo hau abiatu zenetik. Eusko Jaurlaritzak eta Udalak egin zuten inbertsiorik handiena lurrak erosteko, baina leheneratze lanak gauzatzeko behar zen finantziaziorik ez zegoen. Udalak Aldundiarekin abiatutako lankidetzari esker, aukera suertatu da aurrera egiteko.

Gauzatzen ari den egitasmoa Udalak 2009an Aranzadiri agindutako lanean oinarritzen da, behar diren egokitzapenak eginda. Funtsean, egiten ari dena ibaiari berea itzultzea da, arnasa har dezala.

Usurbildarrek horrela arautu zuten aspaldian, eremu horri babes berezia ezarri ziotenean herriko arauetan. Beste instituzioek ere eremu horren balio naturala berretsi egin dute: Europako Natura 2000 sarean dago sartuta eta Erkidegoko babes bereziko eremua da.