Tolosa. 2011ko urriaren 17an Ai-tzolen heriotzaren-fusilamentuaren- 75. urteurrena bete zen. Hala, Jose Ariztimuño Olaso Aitzol eta bere belaunaldia gogora ekartzeko asmoz 2011.urtea Euskal Pizkundearen urtea izendatu zen. Zikloari amaiera emateko bihar ekitaldi berezia izango da eta Euskal Pizkundea izena jarriko zaio Oria ibaia, Aranburu Jauregia, Andre Maria eliza eta Errotak mugatutako guneari.
Egitarauari dagokionez, 11.30ean hasiko dira ekitaldiak eta, besteak beste, honako hauek hartuko dute parte: Ibai Iriarte Tolosako alkateak; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Ramon Labaien politikari ohi eta euskaltzaleak eta Aitzolen ahaideek. Aranzadi Zientzia Elkartearen DVDaren aurkezpena egingo dute, plaza berria izendatuko dute, eta errezitaldia izango da Elene Arandia, Juantxo Zeberio eta Lask abesbatzako haurrekin.