tOLOSA. Noiz eta nola hasi zinen soinua jotzen?
Umetan hasi nintzen, zazpi urtekin. Aitak soinua jotzen zuen eta armairuan gordeta izaten zuen. Behin ikusi eta zalantzan aritu nintzen hura hartu edo ez, aitak ikusita zer esango zidanaren beldur. Egun batean, hartu eta bi eskuekin probatzen hasi nintzen, aitari ikusitakoa egin nahian. Berehala hasi nintzen, hark jakin gabe. Bederatzi edo hamar urtekin abesti dezente jotzen nituen eta 16 urtekin obra klasikoak ere jotzen nituen. Ordurako akordeoia ondo ezagutzen nuen eta hortik aurrera, gaur arte, soinua ondoan izan dut bizitza osoan zehar.
Non jotzen zenuen soinua?
Hamalau urtekin ezkontzetan jo-tzen hasi nintzen eta gerora hainbat herritan erromeria jotzen. 17 urtekin Jai Alai taldearekin hasi nintzen eta haiekin Gipuzkoa eta Nafarroa osoa zeharkatu nituen. Bederatzi urtez aritu nintzen haiekin eta azkenik nire ametsetako taldearekin jotzen hasi nintzen: Los Pokerrekin. Puntako taldea zen hura, Donostiako Londres Hotelean, Tenis Klubean eta maila handiko beste hainbat txokotan jo genuen urte askotan.
Garai hartan Tolosan ba al zegoen soinua jotzen non ikasi?
Bai, Tolosan musikari handiak izan dira beti. Nik Ignacio Mocoroarekin ikasi nuen musika eta tarte horretan Ramon Otamendirekin ere akordeoia ikasi nuen hainbat urtetan. Biekin asko ikasi nuen.
Noiz hasi zinen eskolak ematen?
Urte asko dira… eta buruan atzera egin behar (barrez). Etxean hasi nintzen irakasten baina etxea segituan bete zen ikaslez. Hainbeste jende sartzen ez zela ikusita, 1972an sortu nuen musika eskola.
Irakastea gustuko izan al duzu? Niretzat hain garrantzitsua izan den instrumentua irakastea pozgarria izan da. Hainbat eta hainbat soinujole pasa dira nire musika eskolatik eta oraindik ere gazte asko dira akordeoia jotzen ikastera doazenak. Akordeoi Orkestra 1980. urteko Tolosako Kilometrotarako sortu genuen, akademian aritzen zen soinujole talde batekin. Ordutik ona sari asko jaso ditu orkestrak.
Harro al zaude egindako lanaz eta eskola gaur egun bizirik jarrai-tzen duela ikusteaz?
Poz handia ematen dit hainbeste ume ikusteak. Nire seme zaharrenak soinuari heldu zion eta gazteenak, gitarrari. Gaur egun biok daramate musika eskola. 67 urtekin utzi nuenean pena handia hartu nuen, baina era berean poza, bi semeek musika eskolarekin jarrai-tzen zutela ikusita.
Nola sortu da disko hau grabatzeko ideia?
Gogo handia nuen laugarren diskoa grabatzeko. Jon Ander semearekin hasi nintzen grabatzen eta ondoren nire ikasle izandako eta egun musikari profesionalak diren Joxe Mendizabal eta Xabier Zubeldiarekin. Disko bikoitza da: alde batetik, 2011n grabatu duguna dago eta, bestetik, aspaldiko grabazioa berreskuratu dugu 1979 izenarekin, urte hartan grabatu nuelako etxean, kasete grabagailu batekin.