Villabona. Villabonako udaletxean bihar, 19.00etan, egingo den osoko bilkuran atez ateko zabor bilketa sistema ezartzeari buruzko mozioak aurkeztuko ditu udal taldeak eta EAJ alderdiak.
Zaborren gaikako bilketari buruzko sistema honen inguruan sortu den eztabaidaren harira, Amasa-Villabonako ezker abertzaleak "babes osoa" eskaini dio udal taldeari atez ateko sistema ezarri dezan eta zaborren kudeaketan "eredugarria" izango dela diote. "Gure herriaren gehiengoak argi erakutsi izan du ez duela errausketa plantarik nahi, eta horretarako guztiz beharrezkoa izango da atez ateko zabor bilketa martxan jar-tzea", aditzera eman dute.
Era berean, eta beste herrietako esperientziak kontutan hartuta, zabor gehien birziklatzea ahalbidetzen duen sistema dela defenda-tzen dute. "Hondakinen %85etik gora birziklatzea da gure helburua, hori lortuta Gipuzkoan ez dugu errausketa plantarik beharko eta herritarren osasuna eta gure ingurumena babesteko pausu garran-tzitsua emango dugu", gehitu dute.
Bestalde, ezker abertzaleak gogor salatu du atez ateko zabor bilketaren aurka EAJ eta PSE-EE alderdiek martxan jarri duten "intoxikazio kanpaina bortitza". "Herritarrak beldurtzeko asmoz, gezurrezko argudioak erabiltzen ari dira lotsagabe", argudiatu dute. Azkenik, herritar guztiei dei egin diete bihar, 19.00etan, udaleko pleno aretoan udal taldeari babes osoa eskain diezaioten.
PSE-EE eta EAJ bosgarren edukiontzia ezartzearen aldekoak dira. PSE-EE alderdiko zinegotzia den Maria Luisa Arijak eztabaida "argia, gardena eta zintzoa" eskatu du zaborren bilketaren inguruan. "Kezkatuta gaude tranpa egiten ari direlako eta susmoa dugu zaborren bilketaren gaia ez ote den irabazizko sekulako negozio bat bilaka-tzen ari", azaldu dute sozialistek. Villabonako EAJ alderdiak ere bosgarren edukiontziaren alde egingo du eta bihar horretarako mozioa aurkeztuko du.