DONOSTIA. Easo plaza jendez bete zen Mailan Lujanbio, Aitor Sarriegi, Igor Elortza eta Manex Mujika bertsolariek atzo goizean eskaini zuten bertso saioaz gozatzeko. Ikuskizuna Aste Nagusiarako antolatu diren hiru bertso saioetatik bigarrena zen eta, beste behin, argi geratu zen bertsolaritza munduak gaur egun tiroi handia duela hirian.
BERTSOLARIAK PLAZARA Atzoko saioa atzerapen txikiarekin hasi zen, izan ere, hasiera orduarekin izandako nahaste baten ondorioz, 20 bat minu beranduago ekin zioten saioari. Amarako Easo plaza jendez gainezka zen bertsolariak ikusteko irrikaz, asteleheneko ekitaldia gogoan baitzuten. "Hura bikaina izan zen, barre mordoa egin genuen. Ea gaurkoan errepikatzen den", esan zuen Benantzio Zulaika zestoarrak bertsolariak taula gainera igo aurretik.
Lehen agurrean, Aste Nagusiko bertso ekitaldiei eta Piraten lan "onari" erreferentziak egin zizkieten bertsolariek. Mujikak eta Lujanbiok jaietan bertso saioak programatzen diren hirugarren aldia dela gogoratu zuten.
Gai jartzaile lanetan Josu Goikoetxea zen aritzekoa, baina arazo batzuk medio, Inaxio Usarraldek ordeztu behar izan zuen. Azken honek lan txukuna egin zuen, eta tema original eta bitxiak proposatu zituen. Besteak beste, Lujanbio eta Sarriegi Elvis Presleyren kanposantuko lorazainen azalean jarri zituen, eta hiru mutilei Julia Robertsen gidari gisa aritzeko erronka luzatu zien.
Aipaturiko azken gai honek joko ona eman zuen, bertso ederrak en-tzun baitziren eta jendeak ondo pasatu baitzuen. Hiru mutilen bertso bidezko eztabaidaren ondoren, Lujanbioren txanda etorri zen. Hernaniarrak, Julia Robertsen larruan sarturik, bertsolarietako bat aukeratu behar zuen gidari bezala. Hiru bertso landu zituen, bakoitzarentzat bana, eta hauek izan ziren agian saioko txalotuenak.
Igor Elortza ere protagonista izan zen gaietako batean. Izan ere, durangarrak atzo 35 urte bete zituen eta Usarraldek, Lujanbio, Sarriegi eta Mujika bertso bidez opariak egiten jarri zituen. Sarriegik plantxa bat oparitu zion eta, harekin batera, Elortzaren erantzunak izan ziren jendeari gehien gustatu zitzaizkienak.
AMAIERA Amaitu aurretik, lau bertsolariak puntutan ibili ziren. Elkarri adar joka, ikusleek algara ederrak botatzeko aukera izan zuten eguneko lau protagonisten kontura. Sarriegi eta Elortza izan ziren atal honetan gehien zirikatu zituztenak. Saioa ia 14.00ak arte luzatu zen, eta ikusleek txalo zaparrada batekin agurtu zituzten artistak.
Igor Elortza, bertsolari bizkaitar bakarra, irribarretsu zen ekitaldiaren ostean. "Jada hirugarren urtea da honekin goazela, eta gauza finkatzen doala dirudi", aipatu zuen durangarrak. Easo plazatik gertu sortu den auto-hilada bat medio, klaxon hotsek zertxobait eragotzi zuten bertsolarien lana, baina Elortzak ez zion garrantzia gehiegirik eman.
"Nire iritziz agian pixka bat eskas hasi dira, baina primeran amaitu dute", adierazi zuen saio ostean Benantzio Zulaikak. Miren Amilleta zumarragarra ere iritsi berdinekoa zen: "Barre ederrak botatzen bukatu dugu".
Orokorrean, badirudi jendea gustura dagoela Aste Nagusian bertsoekin gozatzeko duten aukerarekin. Hala erakutsi dute behintzat aurtengo Aste Nagusiko bi bertso saioetan, Easo plaza bertsosalez bete baita.
Bihar, bertso gehiago
Atzoko bertso saioa Donostiako Aste Nagusiko bigarrena izan zen. Estreineko ekitaldia astelehenean izan zen, eta orduan Jon Maia, Andoni Egaña, Amaia Agirre eta Beñat Gaztelumendi gaztea izan ziren taula gainean. Nahiz eta Piraten Abordaiaren ekitaldietako batzuekin batera izan, jendeak ongi erantzun zuen. Atzokoaz at, bihar egingo da aurtengo festetako azken bertso saioa. Ordua eta tokia ez dira aldatzen, ikuskizun hauek ere Easo plazan izango baitira, 12.30etik aurrera. Hemen ere punta puntako bertsolariak arituko dira, hala nola, Amets Arzallus, Iker Alustiza, Sebastian Lizaso eta Jone Uria. Festetatik aparte, iraila partean bertsozale donostiarrek izango dute bertsoekin gozatzeko aukera. Izan ere, hilaren 4ean, Donostiako Sagardo Egunean, Sebastian Lizazo eta Uxue Alberdi arituko dira Konstituzio plazan, 12.30etik aurrera. Zazpi egun beranduago, hilak 11, Donostia Bertsotan jaialdia ospatuko da. Ekitaldi hau ere Konstituzio plazan antolatu dute 22.30ean. Bertan, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Jexux Mari Irazu, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi arituko dira. A. A.