zarautz. Ebelina Mandarina ipuinarekin lortu du Castillo Suarez idazle altsasuarrak aurtengo Xabier Lizardi saria irabaztea. Orain arte poesia landu du eta asko gustatu zaio haurrentzako lehen eleberria idaztea, irudimena asko lantzeko aukera eman diolako. Gainera, txikitan oso gustuko zuen testuinguru bat jorratu ahal izan du: zirkua. Trapezista izan nahi duen baina beldurra duen neska gaztetxo baten istorioa kontatzen du obrak. Izan ere, txikitan utzi izan baliote, egun Castillo bera ere trapezista izango zela aitortu du. Zarauzko Euskara zinegotzia den Imanol Lasaren eskutik jaso zuen 3.700 euroko saria ostegun arratsaldean, Sanz Eneako liburutegian. Ohi bezala, ipuinaren 2.400 ale argitaratuko ditu Udalak, Zarauzko eskoletan banatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko. Epaimahaikide izan den J.M. Olaizola Txiliku idazle zarauztarrak bizilagunak animatu zituen obra "ederra" irakurtzera.
Nolatan aurkeztu zinen Zarauzko Xabier Lizardi literatur sariketara?
Orain arte poesia idatzi eta argitaratu dut eta kolaborazioak egin ditut hainbat egunkaritan. Nire lehen lana da haur literaturan eta propio lehiaketa honetarako egin nuen Ebelina Mandarina. Buruan banuen zirkuaren inguruko istorio bat bueltaka, trapezioari buruzkoa batez ere, eta haur literaturak pertsonaia bat sortzeko abantaila eskaintzen dizu, poesian edo kolaborazio batean egin ezin dezakezuna.
Lehen ipuina izanda, espero al zenuen irabaztea?
Batez (barreak). Niri gustatzen zi-tzaidan istorioa egin nuen. Haur baten bizitza kontatzen dut eta egia esan nahiko kontakizun unibertsala da; guztiok eduki ditzakegun beldurren ingurukoa baita. Oso garrantzitsua da niretzat saria, horrela hasteak lasaitasuna ematen dizulako. Azken batean, zure lanak onespen bat duela esan nahi du.
Eta zer kontatzen du "Ebelina Mandarina" ipuinak?
Zirku batean bizi den haur baten istorioa kontatzen du. Bere ama bezala trapezista izan nahi duena, baina beldurra ematen diona. Ipuinean zehar Katerina izeneko Moldaviako beste neskato bat gurutza-tzen zaio eta bere laguntzarekin lor-tzen du beldur horiek usatzea. Katerinak ondoko ideia azpimarratzen du: denok beldurrak ditugula eta ez duela inor ezagutzen norbaitek eskutik heltzen badio, beldurra galduko ez duenik.
Zergatik zirkua?
Ez da kasualitatea trapezioa aukeratu izana. Nik neuk ere, haurra nintzela, trapezista izan nahi bainuen. Amak, noski, ez zidan utzi. Gehienez ere gimnastika erritmikoan izena ematen utziko zidala esan zidan. Utzi izan balit, trapezista izango nintzen egun. Bestalde, galtzear dagoen zirkua aurkezten dut, galbidean dagoena. Gainera abantaila ugari ematen dizkizu idazterakoan testuinguru honek. Izan ere, animaliak daude, pertsonaia bitxiak... eta lan luze samarra aurkeztu behar nuen lehiaketara. Zirkuak aukera ematen dizu beste istorio batzuk gehitzeko, batez ere, ni bezalako jendearentzat, esperientziarik ez dugunontzat. Halaber, literatura, trapezioa bezala, arriskuaren artea da. Eta arriskua beti da erakargarria. Gauza xumeekin gauza ederrak egin daitezkeela erakutsi nahi izan dut.
Orain arte poesia landu duzu. Oso ezberdina izan da ipuin hau idaztea?
Poesia idaztea oso gauza arraroa dela uste dute batzuek eta badirudi orain, haurrentzat ipuina idaztean normalagoa naizela (barreak). Orain emanaldiak eskaintzeko edo liburua aurkezteko saioak egiteko deitu didate leku ezberdinetatik. Ipuinak idaztea, eta batez ere haurrei zuzendutakoak, pertsonaia baten janzkera, nortasuna... sortzeko aukera ematen dizu eta irudimena lantzeko. Probatu gabe neukan zerbait zen hori eta oso atsegina izan da.
Emaitzarekin gustura geratu zara...
Oso gustura. Eta marrazkiak ikusi nituenean Ebelina Mandarina horrela imajinatzen nuela pentsatu nuen. Ilegorria delako du izen hori protagonistak eta Leire Urbeltz artistak (www.leireurbeltz.com) asmatu du irudiekin. Istorio triste xamar bat da eta oso irudi politak egin ditu.
Zeintzuk dira orain arte argitaratu dituzun poesia liburuak?
Lau lan komertzial argitaratu ditut: Mugarri estaliak (Susa, 2000), Spam poemak (Elkar, 2004), Bala hutsak (Elkar, 2006) eta Souvenir (Elkar, 2008). Bestalde, lau sari eta beka bat ere jaso ditut, Arabako Foru Aldundiak emandako sari bat eta bi aldiz Iruñako Udalak antolatzen duena egile berrientzat. Azken lana egiteko (Souvenir) Elkar Fundazioaren Jaka beka lortu nuen.
Zer eskaintzen dizu idazteak?
Ni bezala sorkuntza lanean ari den jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Bestalde, bada jendea terapia gisa idazten duena baina nik gusta-tzen zaidalako egiten dut. Sakanako Mankomunitatean Euskara teknikaria naiz eta tartea dudanean idazten ditut obrak, plazer bat da nire-tzat obra literarioak sortzea.
Esperientzia polita izan dela diozu. Haurrentzako beste libururik idazteko asmoa duzu etorkizunean?
Testuinguru batzuetan bizi diren haur batzuk baditut buruan bueltaka, baina momentuz behintzat ez naiz ezer egiten ari.