Síguenos en redes sociales:

Euskararen txoko berria

Sagardoa egiteko sortu bazen ere, Igarako Tolare baserriak hainbat eginkizun izan ditu azken hiru gizaldietan. Azkeneko erronka, Euskaltzaindiaren egoitza izatea. Ateak urtebete inguru barru zabalduko ditu.

Igarako Tolare baserria 1740.urte inguruan eraiki zuten egungo Amortza kalean, auzoko etxeetako sagarrak bildu eta tolarea erabiliz, sagardoa ekoizteko asmoz. Urteak joan ahala, eginkizun hori alde batera utzi eta Igarako eraikina etxebizitza eta behien ukuilu bilakatu zen. Baina 1960az geroztik, betebehar horiek atzean utzi eta etxea hutsik gelditu zen. Hori dela eta, eraikina itxura galtzen hasi zen eta egoera okerrera joan baino lehen, Udalak zaharberritzea erabaki zuen iaz.

Agintariak lokalari zein erabilera emango zioten pentsatzen ari zirela, DYAren egoitza bilakatzea bezalako hainbat proposamen jarri ziren mahai gainean. Azkenean, guztien artean, baserria Euskaltzaindiaren egoitza berri bihurtzea erabaki zuten. Izan ere, akademiak Bertsolari Xalbador kalean dituen bulegoak elkartzeko gune baten beharra zuela adierazi zion Udalari.

Gobernu Zentralak lana sortzeko bultzatu zuen Zapatero Planari esker, lehengo urtean 987.039,47 euro lortu zituen Donostiak Tolareko proiektua bideratzeko. Lanak Antzibar S.A. enpresari esleitu zizkion eta langileak jo eta su aritu dira azken zortzi hilabeteetan 804 metro eta hiru solairuko etxebizitza berritzeko.

Donostiako alkatea, Odón Elorza; Euskara Normalkuntzarako zinegotzia, Ainhoa Beola; Euskaltzaindiako presidentea, Andres Urrutia; eta Gobernu Zentraleko ordezkaria, Mikel Cabieces, baserriko obrak ikusten izan ziren atzo eta bisitan jakinarazi zutenez, "lanak amaitzear daude".

"Kanpoko lau paretak eta teilatua aldatu egin dira, baina jatorrizko eraikina ahalik eta gehienen errespetatzen saiatu gara", jakinarazi zuen alkateak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ondare Kulturalaren katalogoak eraikina Monumentutzat hartzen du.

25 urteko lagapena

"Euskararen lokala"

Udal gobernuak aurreko ostiralean hitzartutakoaren arabera, Tolare 25 urtetarako utziko dio Donostiak Euskaltzaindiari baina, beti ere, epe hau luzatzeko aukera izango dute. Akademiako presidenteak erronka "atsegin handiz" hartzen dutela adierazi zuen eta egoitza "urte bat eta 18 hilabete artean" martxan jartzeko asmoa daukatela aurreratu zuen.

Modu horretan, egun Donostian dauden ikerketa talde eta zerbi-tzuak Tolaren biltzeaz gain, "esparru kultural berria" zabaltzeko helburua dauka Euskaltzaindiak. "Erakusketak, aurkezpenak eta hitzaldiak egingo ditugu bertan, baina ez Euskaltzaindiarenak bakarrik, baita euskal kulturarenak ere", zehaztu zuen Urrutiak.

Beolak atzokoa "euskararentzat egun handia" izan zela esan zuen, "Euskaltzaindiari horrelako espazio ikuskaria zor zitzaiolako". Donostiako zinegotziak akademiak "hizkuntzaren normalkuntza, hedapena eta normalizazioan urtetako lana" egin duela goraipatu zuen.