Joan den ekainaren 21ean, asteartean, Donostiako Aratz Erretegia liburu-aurkezpen baten eszenatokia izan zen, Edorta Agirre idazle, itzultzaile eta kazetari gastronomikoak Pamiela etxearen eskutik argitaratutako Amantala ta Mantela hiztegi gastronomikoarena, hain zuzen. Tokiaren hautaketa ez zen kasualidadea edo kapritxoa izan, izan ere, dozenaka sukaldari, kazetari eta lagun elkartu ziren jantokian bertan sortu zen, duela hamabi urte inguru, Jakitea Elkartea, eta sorrera-bilera hartan Edorta Agirre berak parte hartu zuen, Xabier Zabaleta, Pello Garcia Amiano, Mikel Corcuera eta hau sinatzen duenarekin batera. Hamabi urte beranduago, Jakitea Elkarteak ekonomikoki babestu du liburua eta bere kideak gehiengo ziren aurkezpen-egunean.

Idazle eta pentsalari donostiarrak luxuzko lagunak izan zituen mahaikide aurkezpenean zehar, denak liburuaren partaide izandakoak: Jose Angel Irigarai poeta, Karlos del Olmo itzultzailea eta Kepa Sarasola Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Bakoitzak bere ekarpena egin zuen liburuaren inguruan eta horrelako lan bat euskaraz argitaratzearen garran-tzia azpimarratu zuten.

Izan ere, Xabier Zabaleta sukaldariak liburuaren hitzaurrean aipatzen duen bezala, Euskal Gastronomia-ondareari dagokionez, Edorta Agirrerena “gurean inoiz osatu den lanik osotuena da, edozein hizkuntzatan dela”. Ez zaio arrazoirik falta Aratzeko arduradunari, gehien bat kontutan hartuta liburuak, 580 orrialderekin eta 1.000tik gorako sarrerekin, Edortak sarean bildutako lanaren %10a besterik jasotzen ez duela.

PHILOSOPHIA & OILO ZOPIA

“Hiztegi” bezala definitu dugun arren, hitz hori ez da egokiena Edorta Agirreren lana izendatzeko. Irigaraik aurkezpenean esan zuenez, “Hemen Hiztegia aipatu da, baina nik esango nuke saiakera bat dela. Edortak dioen bezala, hiztegiak zurrunak, hotzak... izaten dira, sarrera telegrafikoz beteak. Hemen sekulako kultura dago. Gainera, oso hizkuntz jasoan baina ulerterrezean idatzita dago, bestela esanda, arnas duen hizkuntzan, gozada bat, atsegina dena irakurtzeko, euskararen tornuien bitartez hainbat kontu ekar-tzen dizkiguna”. Honetaz gain, bere hitzaldian zehar, Irigaraik bere lagunaren lanaren beste ezaugarri garran-tzitsu bat aipatu zuen: “Azpimarratu behar da liburua zeinen sustraitua dagoen tradizioan, baina egunero gaurkotzen den tradizio batean, bizirik dagoen tradizioan, gaur egungo ekarpenak biltzen dituena”.

Horixe da, hain zuzen ere, Amantala ta Mantela: gure gastronomia –eta elikadura–tradizioarekin lotutako ehunka kontzeptu eta ideia modu ordenatuan jasotzen dituen liburua. Hiztegiaren formula erabiliz filosofiaz, umorez, kritikaz eta poesiaz betetako gogoetak eskaintzen dizkiguna. Zalantzak argitzeko edo plazer hutsez irakur daitekena. Larousse gastronomiko bat, euskal erara idatzia, azidotasun eta ironiaz betea.

Eta, batez ere, Amantala ta Mantela liburu herrikoia da, kulturaz betea, bai, baina snobismoan erortzen ez dena, oinak lurrean dituena. Edorta Agirre berak aurkezpenean esan zuenez, “elikadura, kontsumismoa bezala, alderdi eta izkin asko dituen kon-tzeptua da. Elikadura zer da? Erosketak egin, honi zer gustatzen zaion, honi zer egiten dion kalte, atzo zer jarri genuen, gaur zer jarriko dugun... Etxekoandreek betidanik egin dutena. Hori da elikadura, ez da soilik hiru edo bost izarreko jatetxeen kontua, egunero praktikatzen dugun zerbait da. Langileak gara. Kabiarra, trufa zuria… oso goxoak omen dira, baina ez dugu danok eskura. Profesionalak bai, baina profesionalak ez garenok, oso noizean behin eta kapritxo moduan besterik ez”.

Azkenik, guztiek liburua euskaraz argitaratzea txalotu bazuten ere, Edortak garrantzia kendu zion horri: “Euskaraz egin dugu liburua euskaldunak garelako”. Izan ere, Agirreren kezka oso bestelakoa da, liburuaren atarikoan argi aipazen duenez: “Elikaduran diharduten profesionalen %98 gai honetaz euskaraz jarduteko gauza ez diren bitartean, hiztegia ez da beharrezkoa”. Triste bezain gordina Amantala ta Mantelaren egilearen hitzek islatzen duten errealitatea.