Eibarrek, ligako bigarren jardunaldian estreinatuko du 2023-24 denboraldia Ipuruako soropilean. Ez da nolanahiko lehia izango, Lehen Mailatik jaitsi berri den Elx izango baitu aurkari, eta euskal taldea bezalaxe porrotarekin hasi zenez, batzuek zein besteek garaipenak batzen hasi nahi dutelako.

Joseba Etxeberriaren mutilek lehen jardunaldian Racing Santanderren aurka Sardineron hartu zuten jipoiari erantzun nahi diote, eta Elx berriz, Martinez Valero zelaian ezustean harrapatu zuen Bigarren Mailara iritsi berri den Racing Ferrol taldeak.

Eibarrek baja garrantzitsuak izango ditu, batez ere erasoko lerroan, aste honetan jakinarazi baita armaginen udako azken fitxaketa izan den Konrad de la Fuenteren giharretako lesioa. Rober Correak, Corpasek eta Stoichkovek ere jokatu ezinik jarraitzen dute, azken biak oraindik denboraldi honetan minuturik jokatu gabe.

Elgoibartarrak Vencedor mantenduko du itxura batean zelaiaren erdian, eta erasoan, berriz, Jon Bautista jokatzeko prest egon arren, badirudi Etxeberriak Valladolideko Quique Gonzalez ipiniko duela berriro hasieratik, erasoko erreferentzia gisa.

Lehen Mailako jokalarien blokeari eutsi dion Elxeko taldeak ezustekoan galdu egin zuen denboraldiaren hasierako partidan Racing Ferrolen aurka, denboraldiaurrean eta, azkenean jaitsi arren, joan den urteko azken txanpan erakutsitako itxura txukuna galduta.

Taldeko entrenatzaile Sebastian Beccacece argentinarrak eta jokalariek porrot hura erne egoten jakiteko baliagarri izatea espero dute, eta igotzeko hautagai izatearen presioa jasateko prest daudela aldarrikatu dute.

Eibarren aurkako partida ez da euren albiste printzipala izan astean zehar, azken igoeraren erantzuleetako bat, Pere Milla jokalaria, Espanyolera joan baita.

Behin kataluniarra salduta, eta Ezequiel Ponce argentinarra ere aurreko egunetan Greziara joan zitzaiela kontuan izanik, partida honi aurre egiteko soilik bi aurrelarirekin geratu da Elx.

Beccacecek ez du eskura izango hainbat hilabetetarako min hartuta dagoen John Chetauya erdilaria. Berritasun nagusia, fitxatu berri duten Mario Gaspar deialdian sartu izana, Rodrigo Mendoza harrobiko erdilariarekin batera.