Gipuzkoan jokatzen den oinarri-futboleko nazioarteko txapelketarik garrantzitsuenak, Donosti Cup-ak, 31. edizioa izango du aurten. Gainera, bere partaidetza-marka hautsi du berriro, aurten 865 talde baitira etortzekoak, aurreko edizioan baino 110 gehiago.
Torneo deigarria uztailaren 3tik 9ra bitartean jokatuko da Gipuzkoan, eta atzo aurkeztu zuten, Anoetan, antolatzaileek; bertan izan ziren, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, María José Telleria jarduneko Kultura eta Kiroleko foru diputatua eta txapelketaren enbaxadore den Xabi Prieto Realeko kapitain ohia. “Ohore handia da aurkezpen hau Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu den futbol-zelaian egitea. Reala erreferentea da nazioartean, eta Donosti Cup txapelketan parte hartzen duten talde guztiak, inaugurazio egunean zelaia zapaldu bezain laster, Realzale bihurtzen dira neurri batean. Beraz, Realaren harrobia ere bagara”, esan zuen txapelketako zuzendari Iñigo Olaizolak.
“Oso pozik gaude errekor berriarekin, gure helburua hori ez bazen ere. Helbururik baikorrena 800 talde izatera iristea zen, baina zaila egiten zaigu ezetz esatea, eta eskatzen duten talde guztiak hartzeko joera izan ohi dugu”, gaineratu zuen Olaizolak. Aurtengoa izango da, beraz, ediziorik jendetsuena eta nazioartekoena, 22 herrialdetako atzerriko 200dik gora talde bilduko ditugularik. Estatu Batuak dira presentzia handiena duen kanpoko herrialdea, 78 talderekin, ondoren Frantzia dator 61 talderekin, eta Japoniatik 11 talde dira etortzekoak.
Ordezkaritza izango duten gainerako herrialdeak honako hauek dira: Andorra, Australia, Belgika, Txile, Txina, Boli Kosta, Espainia, Ghana, Grezia, Guatemala, Honduras, Jordania, Mexiko, Erresuma Batua, Peru, Portugal, Kongoko Errepublika eta Uzbekistan, baita saharar talde bat ere.
Espainiar Estatutik hamabi autonomia erkidegotako taldeak etorriko dira, Katalunia buru delarik (128 talde), eta ondoren Madril 100 talderekin; talde euskaldunak 352 izango dira.
Antolatzaileek, gainera, emakumeen parte-hartzea %20 hazi dela nabarmendu nahi izan zuten, aurreko edizioan 140 talde izatetik 170 izatera igaro baita. Horien artean, maila goreneko Benfica, Sporting Lisboa edo Madril klubak, baita bertako 80 talde ere.
Elkartasuna
Txapelketak lehiaketa inklusibo bat ere hartuko du, Donosti Authentics Cup izenburuarekin; lau herrialdetako taldeak lehiatuko dira, tartean antolakun-tzak gonbidatutako Mexikoko Gladiadoreak, Saharako Futbol Federazioko emakumezko talde batekin batera.
Partidak 50 egoitzatan jokatuko dira, Gipuzkoa osoan zehar banatutako 47 jokalekuez gain, bat Hendaian eta beste bi Nafarroan izango direlarik. “Parte-hartzaileak Gipuzkoa osoan zehar banatzearen eredu bihurtu nahi dugu Donosti cup. Hau da, deszentralizatzearen aldeko ekitaldia gara, eta ia Gipuzkoa osoan jokatzen dugu. Aurten, Eibar, Bergara, Arrasate eta Legazpi sartu ditugu. Lurralde osoa barne hartu nahi dugu, bertako erakargarritasun kultural, gastronomiko eta turistikoak ezagutu ahal daitezen”.
22 nazionalitatetako 250 epailek ere hartuko dute parte, gehienak, noski, Gipuzkoako elkargokoak (210).