- Donostian eta Lekunberrin egingo da Entrenofutbol Talent Camp, 2022ko ekainaren 27tik uztailaren 9ra bitartean. Errendimendu Handiko Programa horren helburu nagusia, “egitura handiek hautatu ez dituzten 16 eta 23 urte bitarteko jokalariei modu profesionalean prestatzeko aukera eskaintzea da, etorkizunean sor dakizkiekeen aukeren aurrean, bakoitzak bere buruaren bertsiorik onena izan dezan. Gainera, campusa bera erakusleiho ere izango da, egitasmoan parte hartzen duen jokalariren batzuk euren ibilbidean aurrera egiteko aukerarik izan dezaten”.

Atzo aurkeztu zuten proiektua Lekunberriko udaletxean Gorka Azpiroz alkateak eta Gorka Etxeberria Entrenofutbol Academyko zuzendariak.

Ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitarteko lehenengo fasean, entrenamendu intentsiboak egingo dituzte Lekunberrin, eta bertan, talde profesional batek prestatuko ditu parte-hartzaileak, bai zelai barruan, baita kanpoan ere. Uztailaren 3tik 9ra bitarteko bigarren fasean, parte-hartzaileen prestaketa Donostian burutuko da, orduan bai, partidak jokatuz eta benetako joko-egoeretan praktikak eginez, Donosti Cup txapelketan parte hartuko dutelarik. Etxeberriak argi utzi nahi izan zuen Entrenofutbol Talent Camp proiektu independentea dela, jokalariei zein klubei soilik zerbitzu bat eskain-tzeko helburua duena; parte-har-tzaileen prestakuntza integrala omen dute jomuga, Akademia ez delarik sekula sartuko jokalarien kirol-eskubideetan. Campusean parte hartzeko aukera, gainera, zabalik izango dute, bai datorren denboraldirako taldea baduten jokariek, bai eta gonbidatutako klubetakoren batek haiek begiz jotzeko asmoz datozenek ere.

Interesa dutenek informazio zabalagoa eskura dute talentcamp.entrenofutbol.com webgunean.