- Julen Lobeteren golak eta ondoren egindako defentsako lanak eman zion garaipena Reala Bri Alavesen filialaren aurka Ibaian jokatutako partidan, elurpean. Garaipen honekin, gainera, Xabi Alonsoren taldea sailkapeneko bigarren postuan kokatu da behin-behinean.

Reala indartsu zelairatu zen, baina zelaiaren egoerak baloia ohi bezala konbinatzea eragotzi zion, eta pixkanaka Alaves B-k hartu zuen partidaren kontrola. Sansek, hala ere, markagailuan aurrea hartu ahal izan zuen, pase sakon bat baliatu zuen Julen Lobeteren eskuinkada bati esker.

Partida oso irekia izan zen eta bi taldeek ez zioten inoiz borroka-tzeari utzi. Aranzabek min handia egin zuen ezker hegaletik, eta igoera horietako batean oso baloi ederra ipini zion arearen aurrealdean Veigari, baina elurrak ikaragarri zailtzen zuen hiru zutoinen artean jaurtiketa onik egitea.

Lehen zatia amaitu aurretik, arabarren erasoaldi batean Unai Ruizek penaltia egitea beste aukerarik ez zuen izan, baina Lupuren jaurtiketak zutoina jo zuen, eta Sanseko jokalariak gol bateko abantaila txikiarekin joan ziren aldageletara.

Partidak lehengo lepotik jarraitu zuen tonua bigarren zatian ere. Meteorologiak eta zelaiaren egoerak nabarmen eragozten zien realzaleei euren ohiko jokoa egitea. Inolaz ere, bi taldeak aurkariaren area bila ibili ziren jo eta su.

Aitor Aranzabe izan zen, berriz ere, Realaren erasoko jokalaririk aipagarriena; jaurtiketa bortitz bat egin zuen, baina txuri-urdinen bigarren gola izan zitekeena ozta-ozta aldendu zuen etxekoen atezainak. Gasteiztarrak ere gogor saiatu ziren partida berdintzen, baina ez zuten Unai Ruizen ateko sarea topatzeko modurik izan.

Xabi Alonsoren taldeak aurtengo bigarren garaipena lortu du, lehenengoa bisitari gisa. Datorren asteko larunbatean izango dute hurrengo partida realzaleek, hura ere etxetik kanpo Leioaren zelaian.

Jokalari arabarrek partida berdintzea ahalbidetuko zien penalti jaurtiketa bat alferrik galdu zuten txuri-urdinen kontra

ALAVÉS B Aritz Castro, Jaquad Erraji, Antonio Frau, Pepe Blanco (García, 77. min), Jose Francisco Sabrido (S. García, 60. min), Andrei Lupu, Victor Martinez, Julio Rafael Martinez, Miguel Berlanga, Mircea Alexandru (Illescas, 77. min), Alan Godoy (Gagua, 60. min)

REALA B Unai Ruiz, Alex Pecharroman, Jon Ander Olasagasti, Robert Navarro (Aguirre, 86. min), Julen Lobete, Unai Veiga (Garrido, 70. min), Jeremy Blasco, Imanol Ezkurdia, Aitor Aranzabe, Urko G. Zarate, Beñat Turrientes.

Gola 0-1, 18. min: Lobete.

Epailea David Ruiz Esquinas. Txartel horiak: Etxekoen Godoyri, Victor Martinezi, Victor Lopezi eta Mircea Alexandruri; bisitarien Blascori, Olasagastiri, Pecharromani, Turrientesi eta Unai Ruizi.

Jazoerak Ibaiako instalazioetan ikuslerik gabe jokatutako partida.