Realeko emakumezkoen taldeak aurretik duten erronka ez da batere erraza izango, izan ere Kopako final-laurdenetan, gaur arratsaldean (19: 00etan), Ligan hirugarren postuan dagoen Levanteren zelaian jolastuko dute Natalia Arroyorenak

Enreordea, ez du amore emateko asmorik: “Erasoko lanari eta sartzen dituzten golei erreparatuz gero, Ligako bigarren edo hirugarren talderik indartsuena da. Bagenekien zozketa oso gogorra izango zela, Ligako goiko taldeak sailkatu garelako eta, gainera, etxetik kanpo jokatu beharko dugu “, esan zuen atzo Zubietan entrenatzaile kataluniarrak. Bere hitzetan “partida oso une egokian etorri zaigu. Azken aldian ondo asmatzen ari gara. Ilusio horrekin joango gara, nahiz eta jakin, euren ibilbidea ikusita eta etxean jokatuko dutela, faboritoak izan daitezkeela, baina gu ezustekoa ematen saiatuko gara”.

Ligako aurrekaria Arroyok ez dio denboraldi honetan Ligan aurrez jokatutako partidari erreparatu nahi, orduan Zubietan bana berdindu zutela gogoan izan arren. “Esango nuke bi taldeak denboraldiko puntu desberdinean gaudela, bestelako dinamiketan murgilduta gaudela, eta talde bateko zein besteko jokalariak ere une indibidual desberdinetan daudela”.

Eta lauko finalerako txartela jokoan izango den partida horretara Levanteko taldea baja garrantzitsuekin iritsi arren, prestatzaile txuri-urdinari ez zaio iruditzen hori erabakigarria izango denik behin norgehiagoka hasitakoan: “Bai, egia da baja garrantzitsuren bat badutela (Mayra Ramirez, besteak beste), baina horrek beste jokalari bikain batzuk sustatzeko aukera emango die, beraz, ezin jakin zenbateraino izango den erabakigarria”.