Espainiako etxeetako aberastasun finantzarioa, aurrezkien eta metatzen dituzten zorren arteko aldearen arabera neurtzen da, 2024ko lehen hiruilekoan %9,77 hazi zen, marka berria ezarri eta 2,1 bilioi euroren gainetik kokatuz.
Hazkundea
2023ko amaierarekin alderatuz gero, soilik 2024ko lehen hiru hilabeteetan familien finantza-aberastasunak %2,73ko hazkundea izan du, Espainiako Bankuak atzo argitaratutako Espainiar ekonomiaren Finantza Kontuak txostenaren arabera.
Etxeetako finantza-aktiboak –eskudirua, akzioak, gordailuak eta errenta-baloreak– %6,68 hazi ziren, aurreko urtearen aldean, 2,88 bilioi euroraino. Barne Produktu Gordina (BPG) erreferentziatzat hartuta, finantza-aktibo garbiek %194,8 suposatzen zuten martxoa ixtean.
Ratio hori aurreko urtekoa baino ehuneko 0,9 puntu txikiagoa da, eta ekonomiaren hazkundeak berak erakarritakoa litzateke.
Espainiako etxeetako finantza-aktibo gehienak eskudirutan eta gordailuetan gordeta daude, guztizkoaren %37; ondoren datoz kapitaleko partaidetzak (%30); inbertsio-fondoak ( %16); eta aseguruak eta pentsio-fondoak ( %13). Inbertsio-fondoetako partaidetzak hazi dira gehien etxeetako finan-tza-aktiboen gordailutzat, ehuneko puntu 1 aurreko urtearekin alderatuta; eskudiruaren eta gordailuen zama izan da, aldiz, gehien jaitsi zena, ehuneko 2 puntu.
Familien eta enpresa ez-finantzarioen zor bateratua 1,63 bilioi euroan kokatu zen 2024ko lehen hiruhilekoan, aurreko urtean baino %1,1 gutxiago.
BPGa erreferentziatzat hartuta, %119,3tik %110,1era jaitsi da ratio hori urtebetean. Enpresek eta etxeek, biek ala biek lagundu dute beherakada horretan.
Enpresen zor bateratua, 2023ko lehen hiruhilekoko 952.400 milioietatik 2024ko martxoko 948.800 milioietara murriztu zen, alegia, BPGaren %64,1an dago, aurreko urteko %69ren aldean. Enpresen arteko zorrak ere kontuan hartuz gero, ratioa %81,1era iristen da, beti ere aurreko urteko %88,5aren behetik.
Familiak
Familien kasuan, 2023ko martxoan 695.800 milioikoa izatetik 2024ko lehen hiruhilekoan 681.500 milioikoa izatera pasa zen zorra. BPGarekiko, etxeetako zorraren ratioa %46ra jaitsi da 2024ko lehen hiru hilabeteetan, aurreko urteko %50,4aren azpitik.
Eragiketa garbi metatuen balio negatiboek azaltzen dute nagusiki, enpresen eta etxeen zor bateratuaren bilakaera hori, Espainiako Bankuaren esanetan, gainerako fluxuek, berriz, balio apur bat positiboagoak izan zituztelarik.
2024ko martxoan metatutako eragiketa garbien zenbatekoa -19.400 milioi eurokoa izan da, BPGarekin alderatuta %1,3ko jaitsiera antzematen delarik.
Enpresek 8.000 milioi murriztu zuten zorra eragiketa garbiengatik (BPGaren %0,5), nahiz eta errenta finkoan jaulkitako baloreen prezioen gorakadaren eraginak uzkurdura zertxobait konpentsatu. Familiek ere zorra murriztea erdietsi dute, 11.400 milioiko eragiketa garbiei esker, BPGren %0,8, hain zuzen ere.