Euroguneko langabezia-tasa %6,4koa izan zen aurreko urtarrilean, 2023ko abenduan baino hamarren bat txikiagoa eta serie historiko osoan txikiena; Europar Batasunean, berriz, egonkor mantendu zen, %6an, hirugarren hilabetez jarraian, datu hori ere betiko minimoa izanik, Eurostatek argitaratutako datuen arabera.

Gauzak horrela, Euroguneko langabezia-tasaren urtarrileko irakurketa eginda, pandemiaren aurreko mailaren ehuneko puntu bat azpitik kokatu da, 2020ko otsailean euroguneko herrialdeen arteko langabezia %7,4koa zelako. Europako estatistika-bulegoaren kalkuluen arabera, 13,14 milioi pertsonak ez zuten enplegurik EBn 2024ko lehen hilabetean, eta horietako 11 milioi eurogunean zeuden.

Horrek erakusten duenez, hilean 7.000 langabe gutxiago daude EBn eta 34.000 gutxiago eurogunean. 2023ko urtarrilarekin alderatuta, 10.000 langabe gutxiago daude Europar Batasunean eta 232.000 gutxiago eurogunean.

Hogeita zazpi herrialdeen arteko langabezia-tasarik handienak, Espainiak (%11,6), Greziak (%10,4) eta Suediak (%8,1) izan zituzten. Aitzitik, langabezia-zifrarik txikienak Maltan (%2,6), Polonian (%2,9) eta Txekian (%3) eman ziren.

%3aren azpitik

25 urtez azpikoen kasuan, euroguneko langabezia-tasa %14,5ekoa izan zen urtarrilean, eta EB osoan, berriz, %14,9koa, kasu bietan 2023ko abenduko irakurketak errepikatuz. Kopuru absolutuetan, EBko gazte langabeen kopurua 2,89 milioi pertsonakoa izan zen urteko lehen hilabetean, eta horietako 2,31 milioi eurogunekoak ziren.

Espainiaren kasuan, 2024ko urtarrilean 2,796 milioi pertsona zeuden lanik gabe, eta horietatik 502.000, 25 urte baino gazteagoak ziren. Hori kontuan izanda, Espainiako gazteen langabezia-tasa %28,6koa izan zen, eremuko altuena, Portugal eta Suediaren (%23,3) eta Greziaren (%22,9) aurretik.

Aurrerapena

Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro Yolanda Diazek atzo aurreratu zuenez, bere sailak datorren astelehenean argitaratuko dituen otsaileko langabezia eta kontratazio datuak “positiboak” izango omen dira. Espainian langabezia “egiturazko arazoa” dela nabarmendu zuen Lan ministroak, eta horri irtenbidea ematen ari zaiola, tasa murrizten ari delako. “Lan-erreforma fun-tzionatzen ari dela erakusten digu horrek”.