Sumarren Kongresuko Ekonomia eta Ogasuneko bozeramaile Carlos Martinek eta Irene Montero Berdintasun ministro ohiak, BlackRocki Global Infrastructure Partners (GIP) inbertsio funtsaren %20 erostea galarazteko eskatu zioten atzo Espainiako Gobernuari, azpiegituren kudeatzaile estatubatuar horrek Naturgy enpresaren %20aren jabetza duelako.

Joan den ostiralean iragarri zuen BlackRockek, 11.413 milioi eurotan GIP erosteko asmoa zuela. Tratua honela egituratuko litzateke: 3.000 milioi dolar (2.739 milioi euro) dirutan ordainduko lituzke, eta beste 12 milioi BlackRock akzio eskualdatu, joan den ostegunean merkatua ixtean 9.500 milioi dolarreko (8.674 milioi euro) balioa zutelarik.

“Gobernuak eragotzi egin behar du BlackRockek Naturgyren %20 kontrolatzea”, aldarrikatu zuen Martinek, oraintsu arte Twitter izan den X sare sozialean argitaratutako mezu batean.

Horretaz gain, talde plurinazionaleko Madrilgo diputatuak argi asko azaldu nahi izan zuen inbertsio-funts hori “neurriz ikaragarria dela, eta partaidetza esanguratsuak dituela” Estatuko beste 19 enpresa garrantzitsutan.

Bestelako partaidetzak

Beste hainbaten artean, funts horrek %5,25eko partaidetza du Iberdrolan, %5,048koa ACSn, %5,306koa Repsolen eta %5,08koa Santanderren, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) erregistroetan jasota dagoenez.

“Bere boterea hazi ahala, gure autonomia arriskuan dago”, salatu zuen Martinek Ibex 35eko hainbat enpresatan BlackRockek dituen posizioen inguruan. Irene Montero Berdintasun ministro izandakoak ere gaitzetsi egin du operazioa, “energia eskubide bat delako, ez negozio bat”. Sektore estrategikoa dela iritzita, energiaren enpresa publiko bat sortzea ere aldarrikatu du. “Putreek kontrola bere gain hartu eta demokrazia arriskuan jartzen badute, Espainiak indartu egin beharko luke sektore estrategiko horretan esku-hartzea, eta enpresa energetiko publiko bat sortu”, ida- tzi du berak ere X sare sozialean argitaratutako mezu batean. “Putreei aurrez aurre begiratu behar zaie” esaldiarekin amaitu du mezua.

Beste hainbat azpiegituraz gain, Gatwick, Edinburgo eta Sydneyko aireportuetako operadorea ere bada GIP. BlackRockek hainbat sektore berritan lekua hartzea du helburu, hala nola deskarbonizazioak sustatu duen energian, azpiegituretan eta zentro logistikoetan, eta GIPek urteak daramatza arlo horietan inbertitzen.