Berlinera eta Madrilera 70 milioi eurotik gorako autobus elektrikoak hornitzeko bi kontratu esleitu ditu CAF Taldeko Solaris enpresak. Bi kasuetan, modelo desberdinetako 50 ibilgailu entregatzeko akordioak dira. Konpainiatik nabarmendu dutenez, Alemaniako hiribururako akordioa bereziki garrantzitsua omen da, esparru-kontratua delako, eta 700 autobus izateraino hedatu daitekeelako.

Berlingo garraio publikoko Berliner Verkehrsbetriebek (BVG) enpresak, azken belaunaldiko Solaris Urbino 18 autobus elektrikoen lehen eskaera egin die, 2024tik 2025era bitartean entregatzekoak direnak.

Euskal konpainiako ordezkariek azaldu dutenez, eskatutako unitate kopurua handitzea aurreikusten duen kontratua da, eta beste 650 autobus elektriko gehiago ere eskatu ahal izango lituzkete datozen zortzi urteetan.

Urbino 18 autobus elektrikoek 240 kW-ko motor asinkronoa eramango dute, eta elikatzeko, belaunaldi berriko Solaris High Energy bateriak. Indarrez kargatzeko bi modu izango dituzte, entxufetik zuzenean eta baita pantografo bidez ere. Gainera, autobus berri horiek eSConnect sistema izango dute, eraginkortasun operatiboa handitzeko eta zerbitzua eskaintzen ari diren bitartean flotaren zerbitzua optimizatzeko.

Dagoeneko Berlinen badituzte bateriekin dabiltzan 140 Solaris autobus elektriko, ohikoenak diren bi luzerakoak, 12 eta 18 metrokoak. Gaur egun, guztira, Solarisen 2.300 autobus elektriko inguru badabiltza Europako hiri garrantzitsuenetako askotan barreiatuta. Aipatutako kopuru horri, 2024-2025ean entregatzekoak diren eta fabrikatzailearen egungo eskaera-zorroan dauden beste 700 autobusetik gora batuko zaizkie datozen hilabeteetan.

Bestalde, Madrilgo Udalaren Garraio Enpresak (EMT) ere, Solaris hautatu du 50 autobus elektrikoren hornitzaile izateko. Eskatu dituzten unitate berriak Urbino plataformaren bi bertsio ezberdinetakoak dira.