Ulma taldeak osasun sektorera jauzi egin du, erretinopatia diabetikoa bahetzeko diagnostiko eta analisi irtenbide berri bat atera ondoren. 2022ko abenduan Mondragon Korporaziotik alde egin zuen kooperatiba talde horrek ohar baten bidez iragarri du Ulma Medical Technologies merkaturatuko duela, “osasun eta teknologia arloan bide berritzaileak irekitzea helburu duen enpresa teknologikoa”.

Ulmatik azaldu dutenez, ekimen hori “hamar urte luze iraun duen ikerketa eta garapen prozesuaren emaitza izan da, eta bost milioi eurotik gorako inbertsioa suposatu du”.

Euren esanetan, adimen artifizialean oinarritutako diagnostikoak eta analisiak egiteko tresnak eskaintzea izango omen du helburu, “osasun-laguntzaren kalitatea eta irisgarritasuna eraldatzeko xedearekin”. ULMA Medical Technologiesek, osasun arloko hainbat profesionalekin batera, erretinopatia diabetikoaren baheketak orokortzeko irtenbide berri bat garatu du.Enpresak azaldu duenez, Ulmak ekarritako garapen berri hori, adimen artifizialean oinarritutako baheketa software sanitario batean datza. Begi hondoko irudietatik lortutako ehunka mila datuetatik abiatuta asmatutako algoritmoari esker, erretinopatia diabetikoa modu autonomoan detektatzeko gai da, “hasiera-hasierako egoeretan”.Egoitza Debagoienean duen Ulma Taldea bederatzi negozio-esparru oso ezberdinek osatzen dute; 1.100 milioi euro inguruko fakturazioa du eta 5.600 langiletik gora enplegatzen ditu 81 herrialdetan.