Oiartzungo Udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJ/PNVk, Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea zikloaren edizio berri bat antolatu dute, astelehenean hasi eta datozen hiru asteetarako.

Joana Mendiburu alkateak eta Janire Mitxelenak jeltzaleak azaldu dutenez, ziklo berri honen egitaraua osatzerakoan ardatza, emakumeek pairaturiko indarkeriari, ez soilik indarkeria politikoari, baizik eta indarkeriei begiratzea izan da. “Ekitaldi desberdinen bitartez emakumeen istorio, bizipen eta izen isildu, ezkutatu edo ukatuak berreskuratu nahi izan ditugu, emakumeak gure iraganeko subjektu aktibo bezala aldarrikatzeko”, argudiatu dute.

Memoria belaunaldi gazteentzat

Gainera, nabarmendu dutenez, aurtengo egitaraua lantzean ahalegin berezia egin dute belaunaldi gazteenei zuzendutako proposamenak egiteko, memoria “benetakoa” izango delako “baldin eta belaunaldi guztietan txertatzen bada”. “Belaunaldi zaharrenek beren bizipen eta oroitzapenak dituzte gatazka ulertzeko, baina gazteenek elementuak behar dituzte eta horregatik sortu ditugu ekitaldi propioak”, esan dute.

Programazioaren kartela

Programazioaren kartela

Horiek horrela, alde batetik etxeko gazteenentzat ipuin kontaketa saioa antolatu dute Karmele Mitxelenaren eskutik. Bestetik, DBH4ko gazteentzat argazkietan oinarritutako aurkezpen-proiekzioa izango da. Ander Gillenea argazkilariak hiru hamarkadatan ateratako argazkiekin Gure historiako pasarteak deituriko bilduma osatu zuen. Bilduma horri Maider Galardik begirada feminista txertatu dio, eta biek elkarrekin Oiartzunerako proposamen berri bat sortu dute Udalaren enkarguz.

Azkenik, prestaketan herriko bestelako eragile batzuen elkarlana ere bilatu dutela nabarmendu dute, bai kultura eta memoriaren eremuan aritzen direnena zein ikastetxeena. “Kontutan hartu ditugu ere beste eragile batzuk arrakastaz sustatutako ekimenak, larunbateko ipuin kontaketa edo ostegunetako Landetxeko zinema saioak”, adierazi dute Udaleko bozeramaileek.

Aranzadirekin hitzarmena

Gogorazi dutenez, 2020ko azaroan Oiartzungo Udalak Aranzadirekin egindako hitzarmenarekin lotuta, etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko iraganari begiratu behar zaiola jabetuta, Udalak giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzaren oinarri sendoak jartzea izan du helburu, gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu. Ordutik ekimen ezberdinak burutu dira.

Gainera, legealdi berriaren hasieratik bi alderdiek berretsi zuten Udaletik bizikidetza eta memoria eremuko lanari emateko konpromisoa, eta bi alderdion arteko elkarlanean eta kontsentsuan oinarrituriko bideari ekin zioten.

Hortaz, azaldu dutenez, Bizikidetza mahaiaren lana lau helburu nagusiren inguruan ardazten da: “Lehena, gertatu denaren transmisioa lantzea. Bigarrena, gertatutakoaren memoria lantzea eta sustatzea. Hirugarrena, gure herrian pairatu diren sufrimendu guztiak eta eragindako biktima guztiak erreparatzeko bide egokiak aztertzea. Eta laugarrena, herritarren arteko bizikidetza sustatzea eta prozesua herrira zabaltzea”. Bestelako helburu transbersalak ere badituela gaineratu dute beste eragile batzuekin elkarlana sustatzea, esaterako