Eusko Jaurlaritzak bederatzi milioi euroko laguntza emango die garraio publikoko operadoreei, aurtengo lehen seihilekoan sektorean aplikatutako deskontuak finantzatzeko.
Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu ditu zuzeneko diru-laguntzak foru-aldundiei, udalei eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari, garraio publikoko operadoreei laguntzeko 2023ko lehen seihilekoan Euskadi osoan bidaiarientzako % 50eko hobariak mantentzearen kostuak finantzatzen.
Zuzeneko diru-laguntza horien bidez, Garraio Sailak 9,08 milioi euro ordainduko ditu datozen egunetan, kostu horiek aurtengo lehen seihilekoan ordaintzeko.
FINANTZAKETAREN BANAKETA
Laguntza hori Euskadiko Garraio Agintaritzak lortutako akordioari zor zaio. Akordio horren bidez, Eusko Jaurlaritzak deskontu horien kostuen %10 finantzatzen du, eta tokiko erakundeek %10; gainerako %30a Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari dagokio.
9,08 milioi horiek helburu bererako 6,06 milioi eurorekin bat egin dute 2022ko azken lauhilekoan; orduan jarri zen abian neurri hori, herritarrei testuinguru inflazionarioan laguntzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko.
Lurralde historikoen arabera, Araban Aldundiak 0,33 milioi euro jasoko ditu; eta Gasteizko Udalak, 0,35 milioi euro. Bizkaian, Aldundiak 1,68 milioi jasoko ditu; Bizkaiko Garraio Partzuergoak, 3,25 milioi; Bilboko Udalak, 0,56 milioi; Barakaldokoak, 17.844 euro; Leioakoak, 2.936 euro; Etxebarrikoak, 9.182 euro; eta Erandiokoak, 2.112 euro.
Gipuzkoan, Foru Aldundiak 1,73 milioi jasoko ditu; Donostiako Udalak, 1,04 milioi; Arrasatekoak, 5.160 euro; Irunekoak, 58.006 euro; Errenteriakoak, 20.155 euro; Zarautzekoak, 4.215 euro; Eibarkoak, 1.528 euro; Lasarte-Oriakoak, 880 euro; Oiartzunekoak, 849 euro; Oñatikoak, 859 euro.